Hezkuntzaren norabidea

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2024ko api. 14a, 07:58

Aste Santuko oporren ostean, kurtsoko azken txanpara begira jarriko dira ikasle asko. Geroz eta gertuago daude azterketa garaiak, selektibitatea eta kurtso amaierak dakartzan presio eta ezinegon guztiak. Aprobatuko dut? Nahi dudan karreran sartuko naiz? Kurtsoa errepikatu beharko dut? Ziurrenik ikasle askoren buruan dabiltza hauek edo antzeko galderak.

Badira gutxi batzuk ordea, beste galdera batzuei ere erantzun nahi dietenak. Hori da nahi dugun hezkuntza eredua? Horiek dira gure jakintza eta kritikotasuna garatzeko bideak? Erantzuna garbia da. Ez. Egungo hezkuntza ereduak ez die ikasleen jakin-min eta garapen pertsonalari erantzuten.

Urteak joan ahala geroz eta garbiagoa da hezkuntza sistemak egun betetzen duen papera. Etorkizunak dakarren gizarte eredura egokituko den gazte eredua garatzea. Kritikotasun eza, figura autoritarioekiko sumisoa eta esandakoa betetzea besterik egingo ez duen sujetua. Etorkizunean lanpostuan erreproduzitzea nahi duten eredua txertatu nahi dute gaurdanik hezkuntza prozesuaren bitartez.

Geroz eta ohikoagoa da zuzendaritza edota irakasleen partetik ikasleekiko errepresioa. Zigorrak, mehatxuak edota kasu okerrenetan kaleratzeak. Txertatu nahi duten eredu horrekiko kritiko den ikasle oro da erasotua. Ustez kritikotasuna garatzen lagundu beharko luketen instituzioak errealki kritikoak diren ikasleak zigortzen dituzte eta antolakuntzarako baldintzak ezabatzen saiatu. Horren bitartez gazte eredu sumiso eta kritikotasunik gabean sakontzen.

Hauteskunde garaiotan behin baino gehiagotan aterako da hezkuntzaren gaia mahai gainera: hezkuntzaren kudeaketa, bertako langileen lan-baldintzak… Baina guztiek ematen dute ontzat hezkuntza prozesuak gaur egun betetzen duen funtzioa eta hartzen ari den norabidea. Ez dute oposizio errealik erakutsi azken urteetan eman diren erreforma zein lege berrien aurrean. Ez dago indar errealik hezkuntza prozesuak bete beharreko funtzioa zalantzan jarri eta beste eredu bat proposatuko duena. Ikasleen interesak jarriko dituenak erdigunean eta ez enpresarienak.

 

«Hezkuntza eredu berri bat eraiki beharra dago, eta horretarako ikasleen interesak egon behar dute erdigunean»

 

Egoera horren aurrean, garrantzitsua da ikasleek antolatzeko eta beraien kritikotasuna garatzeko sortzen dituzten espazio eta dinamikak indartzea. Aldi berean, ezinbestekoa da ere horren aurka jokatzen duten figura autoritarioak borrokatzea. Hezkuntza eredu berri bat eraiki beharra dago, eta horretarako ikasleen interesak egon behar dute erdigunean. Nire babesa jada horretan ari diren ikasleei, horren aurrean jasotzen dabiltzan eraso eta oztopo guztiengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!