Gauza asko pasa dira urtean zehar, baina nik fokua hurrengoan jarri nahiko nuke. Pasa den urtean 49 emakume erail zituzten Espainiako Estatuan, Euskal Herrian gutxienez 55 langilek lanean bizia galdu dute, eta 2022ko datu ofizialak publikatu dira, Espainiako Estatuan 4.227 pertsonak bere buruaz beste egin dutela adierazten.
49 emakume izan dira erailak Espainiako Estatuan. Are larriagoa da jakinik hauetako hogeik euren hiltzaileen aurkako salaketa jarri zutela. Geroz eta politika eta gobernu feministagoak ditugun garai honetan, datu hauek instituzioen muga garbiak adierazten dituzte. Izan ere, instituzioetatik bultzatako neurrien nagusitasuna salaketaren eta indar polizialen protokoloetara mugatzen dira. Baina datu hauek argi erakusten dute neurri hauen ezintasuna.
Larria da ere Euskal Herrian gutxienez 55 langilek lanean bizia galdu izana. Krisi garaiak bultzatutako lan-erritmo altuak, baldintza prekarioak eta jabeen irabazi-nahiak langileok gure bizitza arriskuan jartzera garamatzate. Langileon estatutua edo segurtasun lege ezberdinak eta hauek bermatzeko estatuak dituen neurriak erabat antzu geratzen dira errealitate honen aurrean, eta beste behin, instituzioen inpotentzia agerrarazten du honek.
Azkenik, publiko egin da 2022an Espainiako Estatuan 4.227 pertsonak bere buruaz beste egin dutela. Miseriazko bizi baldintzak, bizitzaren garestitzeak, osasun mentala zaintzeko baliabide falta nabarmenak eta abarrek ekartzen gaituzte errealitate honetara. Inoizko gobernu aurrerakoienak eta honek bultzatutako neurriak garaipen handi gisa saldu nahi izan dizkigute, baina errealitatea da gizartearen sektore geroz eta handiago bat babesgabe eta miseriara kondenatuta dagoela.
«Alternatiba erreal horren faltan datu hauek okerrera jarraituko dute, miseria geroz eta sektore gehiagoren errealitate bihurtuz»
Honek guztiak argi uzten du instituzioek eta hauek saltzen dizkiguten neurriek ez dutela gaitasun errealik gizarteko sektore zaurgarrienei alternatiba erreal bat eskaintzeko. Alternatiba erreal horren faltan datu hauek okerrera jarraituko dute, miseria geroz eta sektore gehiagoren errealitate bihurtuz. Horregatik, 2024 urteari begira, datu hauei aurre egiten eta gizarte osoaren kalitatezko bizi baldintzak bermatuko dituen alternatiba erreal bat eraikitzeko aurrerapausoa izan dadila espero dut.