Diskurtso honek, bi bandoak berdintzen ditu, honen guztiaren kausa errealak albo batera utziz. Izan ere, Israelgo Estatua, bere sorreratik, palestinarren aurkako sarraskian eta beraien lurren okupazioan oinarritu da. Honen aurrean palestinar herriak, Israelgo Estatuari aurre egiteko erabaki ausarta hartu eta gero, zapaltzailea zapalduarekin berdintzen dute horrelako mezuek. Gainera, nazioarteko akordio eta negoziaketek erakutsi dute zein paper betetzen duten, Israelgo Estatuak inpunitate osoz jarraitu du bere prozesu zapaltzailea aurrera eramaten, eta Palestinako lurrak bereganatzen.
Kezkagarria da ordea, ezkerreko alderdi eta instituzio hauek elkartasunezko diskurtso hau zabaldu arren, influentzia erreala bilatzen duten espazioetan hartutako posizio eta irmotasun falta. Mendebaldeko herrialde guztiak posizionatu dira Israelgo Estatuaren alde, argi baitago, hauen interesak defendatzen dituela Israelek. Baina, Espainiako gobernua sostengatzen duten alderdiek inbestidura momentua baliatu ordez presioa eragin eta Palestinar herriarekin elkartasun erreala praktikara eramateko, ez dute aurrerapausorik planteatu. Espainiako Estatuak Israelekin dituen harremanak puskatzeko presionatu ordez, ezkerreko gobernu bat baldintza gabe babestera mugatzen ari dira.
«Hitzezko elkartasun hau paper bustian geratzen da azkenean, gero Israelgo Estatua armatzeko balio duten neurri eta aurrekontuak babesten ari bazara»
Hitzezko elkartasun hau paper bustian geratzen da azkenean, gero Israelgo Estatua armatzeko balio duten neurri eta aurrekontuak babesten ari bazara, horregatik, garrantzitsua da gertaeraren errelato zuzen bat zabaldu eta arduradun guztiak seinalatzea.
Hala ere, bada beste diskurtso bat babesten duen sektore bat, palestinar herriaren autodefentsa eskubidea babesten eta honekiko elkartasunez mobilizatzen ari dena. Palestinan bakea lortzeko irtenbide bakarra Israelgo Estatuaren desagertzea izango litzateke, eta horra bidean nire elkartasun eta babesa helarazi nahiko nieke lehen lerroan bizia arriskatzen ari diren guztiei. Aurrera palestinar erresistentzia!