Udara eta kurtso hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2023ko ira. 9a, 07:58

Irailarekin batera iritsi da kurtso berrira begira jartzeko unea, baina horren aurretik udara izan denari begiratzea dagokigu. Guztiontzat deskantsurako, aisiarako eta festarako unea izan behar zena, ez da hala izan gizarteko sektore guztientzat.

Gazte askok eta askok udarako tarte hau baliatu behar izan dute urtean zehar izango dituzten gastuei aurre egin ahal izateko dirua lortzeko; izan ere, ikasketak aurrera eramateko behar diren gastuak, independizatzeko behar den gaitasun ekonomiko altuak, zein eguneroko bizitzaren etengabeko garestitzeak gazteon gaitasun ekonomikoa asko murrizten du.

Hau horrela, asko dira presio horrek bultzatuta lan-baldintza kaxkarrak onartzera behartuak. Lan ordu pila, etengabeko ordutegi aldaketak edota presio ikaragarriarekin lanean aritu behar izan dutenak, guztia soldata exkax baten truke. Adibide asko izan ahal ditugu udarako enplegu gisa; ostalaritzako kasua da garbiena, baina badira beste adibide asko: udarako ikastaroak ematen, hoteletan, udaleku zein ludoteka gisarako espazioak.

 

«Ikasketak aurrera eramaten ari diren gazte askok eta askok urte osoan zehar jarraitu beharko dute lan partzialak eta ikasketa prozesua bateratzen»

 

Eta horrela, ustez deskantsu, aisi eta gozamenerako zen oasi hau bukatzearekin batera kurtso hasierara begira jartzen gara denok, baina udarako esfortzu hauen guztien ondoren ez da hobera joango gehienontzat. Ikasketak aurrera eramaten ari diren gazte askok eta askok urte osoan zehar jarraitu beharko dute lan partzialak eta ikasketa prozesua bateratzen. Beste askok lan egonkor baten bila jarraitu beharko dute, edota praktiketako kontratuak amaitzean lanean jarraitzeko aukera izango dute zain. Horren guztiarekin norberak bere bizitza antolatu eta disfrutatzeko dituen marjinak are eta gehiago murrizten jarraituz.

Azken finean, egun bizi dugun dependentzia ekonomikoak gure bizitza antolatu eta etorkizunera proiektatzeko muga nabarmenak dakarzkigu. Dugun denbora libre gutxia gure gozamen eta garapenerako erabili ordez, bizirauteak sortzen dizkigun arazo eta behar ekonomikoak konpentsatzera bideratzera behartzen gaitu. Zoritxarrez, argi gutxi ikus daiteke tunelaren amaieran, prezioen gorakadak, energia zein alokairuen garestitzeak aurrera jarraitzen dute. Gure gaitasun ekonomikoa ordea, geldirik geratzen da behera ez doan kasuetan. Zerbait aldatzen hastea dagokigu argi izpi bat ikusten hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!