Bedaioko azoka berezia

Erabiltzailearen aurpegia Artubi Elkartea 2013ko aza. 8a, 10:26

Udazkenean sartu gara eta negua ate joka ari zaigun honetan, zer plan hoberik igande goizerako, gure herrietan hainbat ugaritu diren azoka batetara bisita egin, eta nola ez, aukera suertatzen bada, garaian garaiko produkturen bat erostea baino.

Izan ere, krisi garai hauetan hutsik egingo ez diguna, bertako eta garaiko produktuen kalitatea izango da. Eta honetarako aukera bikaina izango da igandean, azaroak 10ean, Bedaion.
Urtero garai honetan egin ohi dugun bezala, azoka berezia antolatuko dugu Bedaion, esan bezala, azaroaren 10ean, 10:00etatik 14:00ak bitarte.

Bertan ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira hainbat produktu, adibidez, bertako babarruna, barazki, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejoak, arrautzak, garai honetan gure fruitu arbolak eskaintzen dizkiguten intxaur, sagar, gaztaina,… etxean egindako postre goxoak, gaztak ere protagonismoa izango du egun honetan baserriko gazta erosteko aukera izango da.

Sagardoa nola egiten den azalduko digute tolare txiki baten bidez sagardotarako sagar ekologikoa ekoizten duten Aitziber eta Fernandok. Sagar zukua dastatzeko aukera izango delarik.

Baserriko animaliak ikusteko aukera ere izango da, eta aurten erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea izango da. Eskulanek ere ez dute hutsik egingo, eta artisau eta jostunen arte lanak ikusi ahal izango dira.

Eta nola ez, gure gorputzak inguratu dituen garai honetako hotzari aurre egiteko, nahi duenak, taloa, txorixo eta hirugiharrearekin  jateko aukera izango du. Umeek euren tartea izango dute, eta taloak egiteko eta marrazketarako tailer txiki bat prestatuko da.

Bazkaltzeko ere hainbat aukera izango dira. Artubi Elkartean, adibidez, 20 euroren truke bertako babarruna zerbitzatuko dute. Horretarako, goiz parte osoan, bazkarirako txartelak salgai egongo dira frontoian nahi duenarentzako eskuragarri, baina babarrunak gustuko ez dituenarentzat, Abaetxe jatetxean izango da beste hainbat jaki goxo gorputza asetzeko eta gozatzeko.

Guzti hau ikusi, dastatu edo erosi nahi duena beraz, igandean hurbildu dadila Bedaiora. Bedaio gozatu eta dastatu ezazu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!