Bost urte atzera begiratuta, bihotzez eskertu behar diot ATARIAri; izan ere, barne-hausnarketak egiteko, pentsamenduei arretaz begiratzeko eta egungo errealitate konplexu zein aldrebestuari aurre egiteko tartea eskaini dit.
26 artikulutan idatzitako ideietako batzuk, sentipenak eta ikaskuntzak ekarri ditut azken paragrafo hauetara. Atzera begiratzean ohartu naiz natura, harremanak eta kanpoko zein barruko bidaiak izan direla nire hitzen bidelagun nagusiak. «[…] mundua ezagutu ordez zainduko bagenu, ez litzateke gutxi izango!». Hala zioen Bidaia izeneko artikuluak. Zenbateko premia dugun horretan hasteko!
«Bost urte atzera begiratuta, bihotzez eskertu behar diot ATARIAri; izan ere, barne-hausnarketak egiteko, pentsamenduei arretaz begiratzeko eta egungo errealitate konplexu zein aldrebestuari aurre egiteko tartea eskaini dit»
Naturarekiko lotura horretan, beste pasio bat ere partekatzeko aukera izan dut: erlezaintza. Eta horretan bai, jarraituko dut, nire erritmoan eta gustatzen zaidan erara. «Erleekin lanean denbora pasa ahala konturatzen zara hamar milaka erlek nola osatzen duten erle bat, pentsamendu bat, zeregin bat; denek elkarrekin egiten dute lan harmonian, helburu bakarra lortu asmoz… zenbat dugun ikasteko haiengandik!».
Erleengandik ikasitako horrek askotan eraman nau beste hausnarketa batera ere: komunitatearen eta kolektiboaren garrantziaz hausnartzera. Urteko urtaroak, horiei lotutako erritualak eta bizi dugun larrialdi klimatikoaren ondorioak ere presente izan ditut. Paisaietan eta basoetan egindako ibilaldietan ere sarri aurkitu dut gogoetarako tartea, norberaren mugetatik harago begiratzekoa.
«Bila ditzagun sareak, bizitza bizigarriagoa egiten lagunduko digutenak, babestu zein ahaldunduko gaituztenak. Indibidualismoa baztertu, gure artean elkarri lagundu eta zaintza erdigunean jartzean datza, txikitasunetik gauzak eraldatuz, egunerokoa bizigarriagoa izan dadin».
Balio horiexek ziren, hain zuzen ere, 2022ko Gabonetan Mari Domingiri idatzitako gutunean eskatzen nizkionak: «[…] pribilegio gutxiago eta giza eskubideak guztiontzat bermatuta izatea». Eta aurten ere gauza bera eskatuko diot.
Bitartean, amatasunak bete-betean harrapatu nau. Gaur bezalaxe, ordu txikietan esnatuta, etxeko isiltasunean eta argi goxoen artean idatzi ditut lerro asko. Esperientzia horren inguruko gogoetek ere beren lekua aurkitu dute hemen: «[…] tsunami handi bat dela esango nuke, bizitza astintzen duena, sinesmenak goitik behera aldatzen dizkiguna. Gorputz eta arimaz jarduteko ariketa amaigabea».
Agian horregatik aritu naiz surfeatzen ere hitzen artean, itsasoaren metaforari helduta: «[…] itxaron zure olatu perfektua; iritsiko da, nahi baino lehen. Batzuetan hondartzaraino eramango zaitu; beste batzuetan, bertan trabatu eta irentsiko zaitu. Baina ez ahaztu sakon arnastea, badaezpada ere, hurrengo olatua ere iritsiko baita».
Eta denbora. Denboraren inguruan ere behin baino gehiagotan gelditu naiz pentsatzera. Azkenean, ondorio batera iritsi naiz: «Geratu gaitezen denbora opari bihurtzen dakitenekin, eta aldendu gaitezen denbora alferrik lapurtzen digutenengandik. Gozatu une bakoitzaz!».
Bost urte hauetan idatzitako guztia bihotzetik egina izan da. Irakurri, hausnartu eta bidelagun izan zareten guztioi, mila esker.
Bizi on, eta ikus arte!