Hirietako kaleetan eta zementuz estalitako parkeetan ia arnasa hartu ezinik ibili gara, ume, heldu zein adineko. Bitartean, aire girotuko establezimendu eta supermerkatuak gainezka egon dira, erosketa-orgak betetzen eta beharrezkoak ez diren erosketak egiten.
Ez da bizigarria eraikitzen ari garen mundua: 35 gradutik gorako egunak normaltzat ditugu, eta izan ditugu asfaltoaren gainean txuleta bat ere erre zitekeen egunak. Guretzat behintzat, basoak, zuhaitzak eta errekak izan dira uda honetako aliatu eta jolasgune nagusiak. Han aurkitu ditugu freskura, arnasa hartzeko tokia eta beroari aurre egiteko babes naturala; baita lamien eta galtzagorrien abestiak entzuteko eta kantatzeko txokoa ere.
Uraren garrantzia azpimarratu nahiko nuke, zaindu behar dugun altxorra baita. Ez da munduaren zati bat bakarrik: bizitzaren taupada da, lurra eta izaki guztiak lotzen dituen elementua. Munduaren azaleraren % 71 ura da, baina % 97 ozeanoetako eta itsasoetako ur gazia da. Ur geza, berriz, % 3 baino ez da. Eta akuiferoetako zein lurpeko urak, ikusezinak diren horiek, ur gezaren zati handi bat dira.
Gu geu ere urez osatuta gaude, gutxi gorabehera % 60an. Nola ez digu, bada, eragingo ilargiaren zikloak! Itsasoak mugitzeko gaitasuna baldin badu, zer esanik ez gure barruko urak.
Urak esanahi ugari ditu. Bizitzarena, adibidez, haur bat jaiotzear denean urak hausten direnean. Mugimenduarena ere bada, itsasoko olatuak etengabe dantzan dabiltzan moduan; baita garbitasunarena ere, bere adierazpen zabalenean. Baina badu beste esanahi sakonago bat: interkonexioarena. Lurra, errekak, ibaiak, itsasoak, lainoak, euri-tantak eta landareak hari ikusezin batek lotzen ditu, denak elkarren mendeko eta elkarri lotuta daudela gogoraraziz.
«Ura ez da naturaren elementu bat besterik; bizitza ehuntzen duen haria da, izaki eta paisaia guztiak lotzen dituen memoria likidoa»
Desiratzen nago udazkeneko zirimiria itzultzea: euripean, zira jantzita eta botak soinean, sudurretik ur tantak jarioz mendi-buelta egitea. Azken batean, ura ez da naturaren elementu bat besterik; bizitza ehuntzen duen haria da, izaki eta paisaia guztiak lotzen dituen memoria likidoa.