Hil arte bizi, baina nola?

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2026ko maiatzaren 31

Egun hauetan egiten duen beroarekin neuronak ere nahiko motel dabiltza nirean. Lagunei izenak aldatu dizkiet: «Egun on, Maite!» agurtu, eta ondoren konturatu… «Aix, ez zen Maite, Elena baizik!». Hitzorduak ahaztu ere egin zaizkit; mugikorra non utzi dudan ez dakit, eta azkenean komunean topatu dut… Edo erosketak egitera joan, eta sekula erosten ez ditudan gauzekin atera naiz dendatik.

Neuronak mantsoago dabiltza egun hauetan; beroa izan daiteke edo baliteke kurtso amaierako nekea izatea. Denok udara eta erritmoa jaistea dugu ortzi-muga hurrengo hilabetean; hemendik edo handik oporraldien ametsetan, hondartzara edo itsasoak zein mendiek ematen dizkiguten gozamen txiki horietara ihes egiteko. Hori bai gozamena: liburu on bat, limonada fresko bat eta gerizpeko brisa goxo batek gorputzeko izerdi bustia lehortzea ezer gehiago egin edo pentsatu gabe!

Horrela bizi beharko genuke gehiago. Bizikleta bidaia eder bat egin genuen bikoteak eta biok Kubara, duela dozena bat urte, eta han ikusi genituen irribarrea, patxada eta lasai egoten jakitea ez zaizkit sekula ahaztu. Musika bazter guztietan, ronzito pixka bat, eta dametako partida amaigabeak. Han, behintzat, inor ez zirudien erlojuaren menpe bizi zenik. Egia izango? Baina niretzat ikaragarrizko lezioa.

Horretarako ematen dit gogoa: dena gelditzeko eta egonean egoteko. Bizitzen ikasteko. Ez egitearen beldurrik izan gabe, ez isiltasunetik ihesi. Hil arte daukagun denbora oparia dela ulertzea, eta, behingoz, opari baten moduan zaintzea, benetan bizitzea. Ez korrika, ez presaka, ez arrastaka; ez denbora faltaren sentsazio etengabe horrekin; ez arnasesturik, ez hurrengoaren zain... Horren kontra nola egin asmatu nahiko nuke, baina ezin asmatuan nabil. Goizean esnatu eta burua dagoeneko martxan hasten zaigu zereginekin, zer egin, zer ez egin, zer erantzun eta nora eta nola iritsi... Egunaren amaieran ordea, nekearen nekez, konturatzen gara ez garela presente egon, ez elkarrizketetan, ez ttikiekin, ez bikotekidearekin edota telefonoaren beste aldean dagoenarekin. Gorputza bai hemen, baina burua? Bizitza ez baita etengabeko maratoi bat izan behar.

Pertsona batzuk urte hasieran helburu handiak jartzen dituzte: gimnasio gehiago, diru gehiago, lan gehiago, produktiboago izan… Nik uste dut aurten nahikoa litzatekeela beste zerbait lortzea: presarik gabe gosaltzen ikastea. Ttikien erritmoak errespetatzea, telefonoa etxean utzita egun pasa egitera joatea hondartzara. Elkarrizketa batean benetan egotea lagunaren begietara begiratuz. Eta dena esan beharra badago, arratsalde batez errudun sentitu gabe ezer ez egitea. Ze demontre! Ez naiz produktiboa izan arratsalde batez!

«Tarteka ahaztu egiten zaigu bizitza ez dela beti iritsi behar den leku bat»

Badirudi gaur egun dena aprobetxatu behar dugula, segundo bakoitza estutu, minutu bakoitza errentagarri bihurtu. Eta tarteka ahaztu egiten zaigu bizitza ez dela beti iritsi behar den leku bat. Batzuetan, bizitza gelditu eta arnasa hartzea ere bada.

Agian horixe da uda honek gogorarazi nahi didana: ez garela makina bat. Nekatu egiten garela. Eta zorionez, oraindik badugula gaitasuna zuhaitz baten gerizpe ederrean siesta egiteko.

Edo agian, benetan gauzak aldatzeko modu bakarra horixe delako: gelditzea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!