Jengibrea eta limoia

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2026ko martxoaren 29a

Udaberria iristearekin batera, aittak 85 urte bete ditu. 1941ean, gerra ostean, jaiotako semea Ugarteko Jauregi baserrian. Behin baino gehiagotan esan izan ohi du: «Nire azken 20 urteak izan dira zoriontsuenak». Eta egia esan, horrek zerbait esaten du bere bizitzeko moduari buruz: lasai, jakintsu eta ironia puntu batekin.

Aittaren transmisioa oso argia izan da beti etxean: lanak duen garrantzia. «Lana eta lana. Hori da beharrezkoa». Baina gaur egungo bizimoduari eta pentsamoldeari bekaina igota, ulertu ezinik, keinu arraroa egiten du galdetuz: «Orain ere oporretara al zoazte?».

Bigarren gauza bat ere transmititu nahi izan digu: aktualitatearen eta geopolitikaren nondik norakoak ulertzearen garrantzia, eta informazioaren boterea. Une honetan, gauzak okertzen ari direla dio, gatazka asko munduan, pobrezia areagotzen, faxismoa indartzen ari dela eta eskubideak ez direla denontzat berdinak… dena du buruan mapa mental perfektu batean, Trump, Putin eta bestelako izen handiak. Eta aurpegi serioz jakinarazten dizu: «Hau ez doa ondo»

Baina nahiko nuke aipamen berezi bat egin nik ezagutu ez nuen amonari buruz, Mari Kruz Arandiari. Hamahiru erditze eta hamahiru haurdunaldi izan zituen, eta aitta da senide guztietatik bizirik geratzen den azkena. Amonak egiten zuen guztia imajinatzea ere zaila egiten zait, gaur egungo estresaren parekoa jasango ote zuen gure amonak? Estresa existitzen ote zen garai hartako hizkeran? Baserriko lanak, ganadua, baratza, belarrak…; sukaldeko nahiz etxeko lan guztiak. Horiez gain, sendabelarrekin eta ukenduekin sendagaiak prestatzen zituen, goizeko lehen argitik gaua iritsi arte etengabe lanean. Etxean zituen aho guztiak elikatzeko ardura eta premia handia ziren; eta horren atzetik dator seguruenik aitaren erresistentzia, indarra eta ondo bizitzeko modua. Bizitzan ikasitako erresistentzia sozial eta emozional guztiak hortik datozela esan daiteke. Eta azkena izateak zama badu noski. Bizitzaren maldak igota, galerak eta pozak kontatuta, orain sofan eserita munduan pasatzen ari denari begira. Lanaren zentzua eraman du bihotzean, geopolitika buruan eta umorea ahoan.

Horregatik guztiagatik, gaur honako hau esatea besterik ez zait gelditzen:

«Momentu bakoitza errepikaezina da, eta orain, 
85 urterekin, bizi ezazu bizitza, hau ez baitakigu 
nola bukatuko den!»

Gaur iluntzean jengibre-limoi infusioa hartzen dudan bitartean badakit aittaren bizitzan askotan garratza izan dela, limoi baten lehen zurrutaren antzekoa. Beste batzuetan aldiz, jengibrearen bizigarri zein freskagarria ere izan dela badakit. Orain eztiz gozatzea besterik ez da falta etxekoen goxotasunarekin. Momentu bakoitza errepikaezina da, eta orain, 85 urterekin, bizi ezazu bizitza, hau ez baitakigu nola bukatuko den!

Zorionak, aita!

Maitasunez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!