Bizitza maitatzeak mundua mugitzea dakar

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2026ko urtarrilaren 23a

Clara Zetkin. ATARIA

Urteko lehen iritzi artikulua idazten hasi naiz. Etxean lasai, ez baita hori hain ohikoa. Limoi eta jengibre zaporedun infusio goxo bat daukat esku artean, propoli tantatxo batzuekin, eta, bitartean, atzo liburutegitik hartutako liburua* begiztatzen hasi naiz, ordenagailua pizten dudan bitartean. Liburu hau inspirazio-iturri izan daitekeelakoan, lehen orrialdea ireki dut eta honakoa irakurri dut:

Rosa Luxemburg: «Maitatu zure bizitza nahikoa haurrak eta zaharrak zaintzeko, otordu on batez ala eguzki sartze batez gozatzeko, besarkatzeko lagunak eta maitaleak; eta maitatu nahikoa mundua historiaren gurpil handian beharrezkoa denean sorbalda jartzeko».

Rosa Luxemburgen bizitzaren inguruan hasi naiz ikertzen Wikipedian, eta justu gaurko egunez —Kasualitatea edo kausalitatea?— bai, 1919ko urtarrilaren 15ean erahil zuten altxamendu espartakistan Alemanian.

«Bizitza maitatzea ez da soilik norberaren zorionaren bila ibiltzea; bizitza maitatzea da gure ingurukoen ongizatea ere maitatzea»

Rosa Luxemburgek utzitako hitzetan badago egunerokotasunaren zentzua eta konpromisoaren mamia uztartzeko jakinduria sakona. Bizitza maitatzea ez da soilik norberaren zorionaren bila ibiltzea; bizitza maitatzea da gure ingurukoen ongizatea ere maitatzea. Haurren irribarreak, zaharren beldurrak, lagunen besarkadak… Horiek guztiak gure existentziaren ardatz bihurtzen dira, baldin eta benetan maite badugu gure bizitza.

Eguneroko erritmo azkarrak askotan erakartzen gaitu geure burua lehenestera: errendimendua, produktibitatea, norberaren arrakasta. Luxemburgek, ordea, gogorarazten digu maitasunik ezean ez dagoela bizitzarik, eta bizitzarik ezean ez dagoela iraultzarik. Hau ez da filosofiako ariketa hutsa: haurrak zaintzea, zaharrei eskua ematea, edo otordu partekatu batez gozatzea ekintza iraultzaileak dira, gizatasuna jauntxoen logikatik salbatzen dutelako.

Baina bizitza maitatzea ez da nahikoa bakarrik. Luxemburgek bigarren urratsa proposatzen du: sorbalda jartzea, gizartea mugitzeko orduan. Hau da, gure maitasuna ez dadila intimitatearen barruan itzali; eman diezaiogun indarra justiziaren aldeko borrokari, naturaren defentsari eta gizarte bidezkoago baten eraikuntzari. Maitasuna ez dadila emozio hutsean geratu, baizik eta ekintza bihur dadila.

Toki askotan humanismoa gainbeheran dagoen garai honetan, Luxemburgen hitzak gaur bezain beharrezkoak ez dira inoiz izan. Bizitza maitatzea eta mundua maitatzea ez dira kontrajarriak: bata bestea gabe ez lirateke posible. Izan gaitezen, orduan, gure bizitzaren maitale amorratuak, baina baita gure munduaren zaintzaile aktiboak ere. «Bizitza maitatzea da mundua mugiarazteko lehen urratsa».

*Katrakak argitaletxeko 'Clara Zetkin, Faxismoaren aurka borrokan nola aurre egin eta nola irabazi'. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!