Aldapan gora, aldapan behera; maitasuna bide

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2025eko azaroaren 21a

Bizitza ez da beti laua edo nahiko genukeen bezain xamurra. Batzuetan, bidezidor horretan gorabeherak aurkitzen dira, harri koxkorrak, bidea uste baino luzeagoa eta bihurgunetsuagoa ere izaten da hainbatetan; errotonda forma ere izaten du aldian behin, eta bertan bira eta bira ibiltzea zilegi da.

Badago aldea bakarrik edo konpainian egitean; ez da hobea ezta txarragoa ere. Nire ustez, aldiro bidearen zati bat bakarrik egitea ez da txarra. Egia da halere, xamurragoa izaten dela eskutik lagunartean egitea. Ez da erraza ordea; izan ere, gizarte efimero honetan, pertsonek alde egiten dute edo desagertu egiten dira gure ingurutik, isil eta azalpenik eman gabe. Harremanak sekula ez dira izaten egonkorrak, estatikoak, estankoak, betirakoak. Hala eta guztiz ere, bide osoan badaude bereziak diren pertsonak, beti hor daudenak, eta zorionez, bihotzak aginduta badakigu nortzuk diren.

Gaurko eguna, azaroaren 21a, egun berezia da. Eguna bera efemeridez josita dago. Esaterako, asmakizunek bidea eraldatu zuten 1877ko egun hartan, fonografoa aurkeztu baitzuen Thomas Edisonek; soinua grabatzeko eta berriz erreproduzitzeko makina asmatu zuen italiarrak. Horrek esan nahi du garai batean teknologiak eta berrikuntzak gizakiaren ahotsa —eta beraz, bere istorioa— gordetzeko bide berriak sortu zituztela. Baina sinbolikoki esan nahi du gure ekintzek, guk gehien maite ditugun soinuek, kanpora askatzeko bidea izan badutela. Egun horretan ere herriak markatu zituzten gatazken pasarteak badira. Adibidez, Bloody Sunday Irlandan: IRAren eta britaniar tropen arteko gatazka latza. Horrek guztiak gogorarazten digu bizitza ez dela beti egonkorra, ezta gure esku egina ere, bidean aldapak eta gorabeherak izan daitezke, ustekabean.

Eta, hala ere, bada egun honek niretzat duen efemeriderik garrantzitsuena: nire amaren 80. urtebetetzea, Segurako Errotan jaiotako alaba zaharrena.

«Zorioneko muga da, ez soilik zenbakiz, baita esanahiz ere.
80 urte ez dira urte hutsak: 
bizitako hamarkada bakoitza bide-zati oso bat da, oroitzapenak, borrokak, garaipenak eta isilpeko jakituria metatzen baititu»

Zorioneko muga da, ez soilik zenbakiz, baita esanahiz ere. 80 urte ez dira urte hutsak: bizitako hamarkada bakoitza bide-zati oso bat da, oroitzapenak, borrokak, garaipenak eta isilpeko jakituria metatzen baititu. Etxean ama zutabeetako bat izan da, eta oraindik bada: etxeko lehen konfidentea, lehen babeslekua, eta neurri handi batean, gure bizitzaren norabidearen mentore. Ez da beti ozen agertzen, ezta beti ikusgarria ere, baina hor dago beti —eguneroko keinuetan, hurbiltasunean, eta «hemen nago» xehe baina sakon horretan—.

Ama bezalako pertsonek erakusten dute bidean garrantzitsuena ez dela zenbat jende ezagutzen duzun, baizik eta benetan nork eusten dizun. Horregatik, gaurko egunean, efemerideen artean eta historiaren orrialdeen artean, bada omenaldi berezi bat merezi duena: Zorionak Ama! Maite zaitugu!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!