Galderak

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2025eko urriaren 5a

Astelehen arratsaldean, pankarta zuri batek beste kolore bat hartu zuen. Herritar talde bat elkartu ginen, Palestinaren bandera margotzeko, zehazki, aurrez margotu zutena norbaitek kendu egin zuelako… Ezin dut ulertu.

Printzipioz ekintza sinple bat zirudien: kolore beltz, berde, gorri eta zuriak, mezu bat letra larriz idatzia: «STOP GENOZIDIOA».

Baina han, taldean, pintzel artean, sei urte betetzear den semeak galdera bat bota zuen airera, ustekabean harrapatu gintuena:

«Baina Palestina urrutian dagoen herria bada, ez dute ikusiko guk margotu duguna, ezta?». Eta jarraian beste bat: «Eta 'Stop Genozidioa' jarrita, ez dute ulertuko, ez baitute euskaraz hitz egiten...».

Zer esan genezakeen? Egia ere bazen, noski. Ez dago Palestinatik gure herriko pankarta xumea ikusterik, eta gure hizkuntza maitea ez da unibertsala. Baina zergatik orduan pankarta margotu? Zertarako aldarrikapena, ulertuko ez duten horientzat bada?

«Galdera horien atzean dagoen hausnarketa sakona da. Ekintzen zentzua ez da soilik hartzaileak ulertzea»

Galdera horien atzean dagoen hausnarketa sakona da. Ekintzen zentzua ez da soilik hartzaileak ulertzea. Batzuetan, gure artean hitz egiteko balio dezake ekintzak. Besteetan, geure buruei gogorarazteko eta hausnartzeko, presente izateko zer ari den gertatzen munduko beste toki batzuetan. Eta oraingoan, urrutiko oihu isil bat izateko asmoa du gureak, norbaitek entzungo duelakoan, nahiz eta ez jakin non, noiz edo nola.

Palestina urruti dago, bai, baina justizia urrun dagoen bitartean, gure ahotsek ez dute isilik egon behar. Eta gure hizkuntza, ez dadila isildu munduko oinazea eta sarraskia salatzeko. «Stop Genozidioa» euskaraz idazteak esan nahi du guk ere badugula zer esanik, guk ere badugula ardura, eta gure herri txiki honek ere nahi duela ahotsa izan, munduko oihu handi horretan.

Agian, semeari eman beharreko erantzunik onena ez da azalpen logiko bat izango. Agian, hobe da ondorengoa esatea:

— Ez dakit nork ikusiko duen, baina guk badakigu zergatik margotzen dugun, elkartasuna adierazi nahi diogu Palestinako herriari, xumeki. Eta hori da garrantzitsuena.

Eta horrela, margotzen jarraitu genuen. Ez Palestinako herritarrek ikusteko, ez eta ulertzeko ere. Baizik eta guk presente izateko, Euskal Herriak sentitzen duelako, eta hori salatzea tokatzen zaigulako. Besterik gabe.

Baliteke semeari pankarta batean marraztutako bandera batetik, beste galdera batzuk jaio izana. Eta galdera horien bitartez, hazten eta hezten jarraituko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!