Gaztainondoaren loraldi bete-betean

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe

Uda heldu da. Bor-bor dago natura, loraldiak, belarrak, ezin iritsi gabiltza egunotan naturarekin lan egiten dugunok.  Pertsonok  maiz ahazten dugu geure begien parean gertatzen diren urteroko gaztainondoaren loraldi eder hauek ez direla bakarrik guretzat.

Erlauntzetan, loraldia lan garaia da. Milaka langile, azpiegitura perfektuan antolatuta, goizetik iluntzera dabiltza polena, nektarra eta informazioa biltzen eta banatzen. Lora batetik bestera, belaunaldi berrien bizitza josten dute, eta horrekin batera gure elikadura-sistema oso baten oinarria bermatzen dute. 

Erleen eta beste milaka intsektu espezieen lan isil eta nekaezinak gure mahaietan fruituak, barazkiak eta loreak jartzen ditu, hots, polinizazioari esker. Erlategietan, udaberriko eguzkitan, mugimendu etengabea dago, batez ere egun eguzkitsu hauetan.

Ingurunearen adierazle ere badira, beraiek izaten dira kaltetuenak askotan. Pestizidek, lurzoruaren kutsadurak eta klima aldaketak zuzenean kolpatzen dute euren biziraupena. Eta haiek gabe, gure sistema ekologikoaren pieza asko eroriko lirateke domino-fitxen modura. Askotan esaten da Albert Einsteinek honakoa esan zuela: «Erleak desagertuko balira, gizakiari lau urte besterik ez litzaioke geratuko: ez lirateke polinizazio gehiagorik izango, ez landarerik, ez animaliarik, ez gizakirik» Hala ere, ez dago frogatuta benetan Einsteinek esaldi hori esan zuenik. Ez dago inongo testu edo hitzalditan dokumentatuta, eta adituek diote esaldi hori haren izenari itsatsita geratu dela, baina ziurrenik beste norbaitena dela.

Nahiz eta Einsteinen esaldia ez den benetakoa, adierazten duen kezka erabat zentzuzkoa eta zientifikoki sostengatua da.

Erleen antolaketa erara itzuliz, benetan txundigarria da. Sistema perfektua, antolatua, bertan ikus daiteke elkarbizitzaren eta lankidetzaren adibide garbi bat: bakoitzak bere zeregina betetzen du, besteekin koordinatuta. Agian zerbait ikasi dezakegu guk ere hortik. Gizarteak funtzionatzeko, norbanako bakoitzaren ekarpena beharrezkoa da, eta elkarri entzun eta lagundu gabe, ez dago loraldirik.

«Eta zurrunbilo horren erdigunean, isilean baina etenik gabe, erleak dabiltza lanean. Ez dira protagonista handiak, baina bizitzaren antzerki honetan, haiek dira funtsezko aktoreak»

Beraz, udaberri honetan, goazen erlategietara, begira diezaiogun erleen bizimoduari. Ez soilik bitxikeria gisa, baizik eta ikasgai gisa. Loraldia ez da bakarrik loreen edertasuna, baizik eta bizitzaren gailurra bera. Eta zurrunbilo horren erdigunean, isilean baina etenik gabe, erleak dabiltza lanean. Ez dira protagonista handiak, baina bizitzaren antzerki honetan, haiek dira funtsezko aktoreak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!