Baina azkenean! Gaur entzun dut aurten lehen aldiz kukua! Baziren azken bi edo hiru urteotan ez nuela antzeman. Agian hemen zen aurreko urteetan Afrika aldetik etorrita baina ez nion jaramonik egin. Mendira joan bai, baina bertako doinu, kantu zein hostoen dantza doinuen jabe egin gabe, buruan mila eta bi gauza, eta inguruan pasatzen denaren berri ez.
«Baziren aste batzuk kuku belarra bide zidorretan antzeman nuela, oso ederra den lore morea baina kukurik ez mendietan»
Kukua hegazti berezia da. Ez da soilik bere kantuagatik ospetsua —hizkuntza guztietan, antza, «kuku» bezalako soinuarekin izendatzen da—, bere ohiturek ere lilura eta misterio apur bat pizten dute. Negua Afrikan igarotzen du, Sahara inguruetan, eta apirila aldera itzultzen da gurera, iraila bitarte gure parajeetan egoteko.
Baina guk entzun nahi duguna, batez ere, bere kantu deigarria da. Urrutitik entzuten den «kuku!» hori, askoren ustez, urte osoko lanaren eta zorte onaren iragarle. Esaera zaharrak dio: «Kukua lehen aldiz entzutean, sakelan dirua izanez gero, urte oparoa izango da». Hala izan dadila, baina, sakelan dirua esan aurretik, mahaian jana esango nuke nik.
Agian, klimaren aldaketak, basoen degradazioak edo gure bizimodu azkarrak urrundu gaituzte bere presentziaz ohartzetik. Kukua etorri da aurtengoan, baina gu gara haren isiltasunaz ez garenak jabetzen. Adi egongo naiz hemendik aurrera. Hemen eta orain. Txikiekin jolasten dudanean bezala «kuku» egiten. Hori bai jolas sinple eta gustukoa!
Bitartean, mendira itzultzea proposatzen dut, isiltasunean, belarriak zabalik eta bihotza prest: beharbada, oraindik garaiz gaude «kuku!» entzun eta udaberria benetan ospatzeko. Izan ere, kukuaren kantuak zerbait galdu dugun horren berri ematen digu, baina baita aurkitu dezakegunaren itxaropena ere.
Entzun eta ospatu dezagun beraz. «Kuku» bakoitza agur eta ongietorri bat izan dadila: iraganari agur, eta etortzekoa denari ongietorria.
Zuk entzun al duzu aurten kukurik?