Egunerokoan, emakumeok lanean, etxean, kalean eta espazio publikoetan bidegabekeria sistematikoa jasaten dugu. Kapitalismo patriarkalak gure bizitzak esplotatzen du —bere zentzu zabalenean—: bai soldataz ordaindutakoa eta baita doan egiten duguna ere —zaintza, etxeko lanak, komunitatearen sostengua—. Gainera, emakume arrazializatuentzat eta migratuentzat egoera are gogorragoa dela azpimarratu beharra dago. Horregatik, ezin dugu ulertu feminismoa ikuspegi dekolonialik eta antikapitalistarik gabe.
Emakumeon aurkako indarkeria ez da soilik bikote harremanetan gertatzen den fenomeno isolatua; gizarte egitura oso batean errotuta dago. Urtero, munduan zehar milaka emakume hiltzen dituzte genero indarkeriaren ondorioz. Baina, ez dezagun ahaztu: feminizidioa icebergaren gailurra besterik ez da.
Galdetegi azkar bat egitearen proposamena datorkit burura, bakoitzaren errealitatetik, juiziorik gabea baina bai kontzientziatik eta errealitatearen hausnarketatik. Nork hartzen du etxeko lanen ardura? Nork egiten du erosketa, garbiketa edota otorduen planifikazioa? Zaintza lanetan parekatuta daude ardurak? Lantokietan nolakoak dira botere harremanak? Soldata arrakalarik badago? Kalean, gauean, inauterietan, berdin dio emakume ala gizon izan? Espazio seguruak, juiziorik gabekoak baditugu inguruan? Segi galderak egiten bakarka edo taldean…
«Bagoaz, baina bidea ez da erraza, ez gaitu inork salbatuko, guk aldatu behar dugu sistema, baina gizarte osoaren laguntza behar dugu»
Bagoaz, baina bidea ez da erraza, ez gaitu inork salbatuko, guk aldatu behar dugu sistema, baina gizarte osoaren laguntza behar dugu, edozein dela sexu, jatorri edota sinismena ere. Emakume* guztion bizi baldintzak eraldatu behar dira errotik, sustraietatik. Bestelako balioak gehitu, berdintasuna, bizitzaren nahiz naturaren jasangarritasuna oinarri izanik. Estereotipo zaharrak eta genero rol zaharrak gainditu behar dira, balio berriak eta ikuspegi inklusiboak hezkuntza sisteman txertatu behar dira, komunitateekiko elkartasuna eta kontzientziazioa areagotuz… Badago zer egina.
Horregatik, Martxoaren 8a ez da zoriontzeko eguna. Ez dugu lore gehiagorik behar, eskubideak bermatzea behar dugu. Egingo dugu aldaketa, borrokaz, antolatuz, kaleak hartuz eta bakoitzaren herri eta auzoetako deialdietan parte hartuz!