Badira bost bat urte ez naizela gerturatu Iruñeko festara. Alde Zaharreko txokoak saltoka peñen atzetik gora eta behera egiten genituen; egun guztiko festa, hasi hamaiketakotik, inprobisatutako momentikoak hiriko Alde Zaharrean. Egun eta gau... gautxori ederrak izan baikara, eta ezin izaten genuen erretiratu bizkor... Oroitzapen ederrak, lagun giro eta ongietorria izan naizen hirian unibertsitarioa nintzenetik. Halaxe da bai, unibertsitario sasoiak unibertso handi bat ireki baitzidan, eta oso eskertuta nago aukera izan bainuen hori bizitzeko. 18 urterekin Iruñeko errealitatea gaztetasun harekin ezagutu eta bizi izana. Han ezagutu nituen euskaraz ez zekiten baina euskaldun sentitzen ziren lagunak. Garai hartako nire eguneroko errealitatetik erabat berria eta ezezaguna zen hainbat bizimodu ezagutzeko lagundu zidan... Euskararen aldeko itxialdiak edota polizia sekretuaren infiltratuak inguruetan zesuman ibiltzeraino identifikatzea horrek suposatzen zuen mesfidantza...
Hilabete eskas izango da irratian entzun nuena eta ikaragarri poztu ninduena: Nafarroan euskararen egoerak hobera egin du. Ez dakit ordea gure arnasguneetan baieztapen hori egin daitekeen... ezekoan gehiago nago. Bide luzea dago oraindik, hasi iparraldetik eta hegoalderaino... jarraituko dugu lanean.
Sanferminetara itzuliz... entzierroa ikusten dugu etxean. Bai, ez naiz zezenketen aldekoa, baina kontradikzio hori dugu etxean. Tradizioaren izenean zezenketak normalizatutzat ditugunean, toreroa eroi paperean jarri eta zezena aldiz eztenkatua odola isuriz aurrera eta atzera mareatzen dabilen bitartean... Entzierroa ikusiz, gaur goizean, 4 urte t’erdiko semeak hauxe galdetu dit: «Amatxo, eta nexkek, non egiten dute korri?». Eta erantzuna eman nahian edo: «Dagoeneko nexkak zezen plazara iritsita daude, beraiek azkar egiten baitute korri...».
«Entzierroa ikusiz, gaur goizean, 4 urte t’erdiko semeak hauxe galdetu dit: 'Amatxo, eta nexkek, non egiten dute korri?'»
Ez dakit erantzun egokia izan den. Agian ez, baina benetan zer pentsatu eman dit galderak. Zergatik entzierroan parte hartzen dutenen %99 gizonezkoak dira? Beste hainbat arrazoi ere badatozkit burura... Baina agin beste arrazoi bat gehiago eman dit gaur nire semeak hori galdetuz, entzierroari ere boikota egiten hasteko.
Festa berdinzale eta askeen alde goza dezagun!
Uda on!