Txikitasunean handi

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2024ko mai. 31a, 07:57

Askotan egiten dut gauza txikien edo egunerokotasunean garrantzirik ematen ez diegun ekintza txikien apologia. Maitasun istorio sinple eta eder baten txikitasuna, baina aldi berean, bihotzaren eta amodioaren esentzia sakonarekin duen handitasuna.

Itsasoko kresalaren usain efimeroa, edo Aralarko mendietako txilar zein belar bustiaren tanta ikusezina. Gauaren iluntasunak sortzen dizkigun amets sarkorrak edota bizitzako lehen taupaden zirrarak. Zein txiki baina zein handi izan daitezkeenen zerrenda amaiezina da.

 

«Ikasturte amaieran gauden honetan, ekaineko eguzkiarekin batera, egun luzeak eta gurasoon agendak dantzan daude. Kurtso amaierako konpromisoak eta festak ez dira falta»

 

Oraingoan, Ikasturte amaieran gauden honetan, ekaineko eguzkiarekin batera, egun luzeak eta gurasoon agendak dantzan daude. Kurtso amaierako konpromisoak, festak eta eskolaz kanpoko ekintzetan ikasitakoaren erakusle izan nahi dutenen errepresentazioak ez baitira falta. Txikiak nekatuta daude eguneroko errutina eta orduen menpe ibiltzearekin; helduok ere nekatuta gaude, ezin puntual iritsi bazter guztietara. Azken txanpan sartuak gauden honetan, azken indarrak xahutze aldera, hainbat ekitaldi izango ditugu ezinbestean.

Gure eskola txikian, Larraulgo herri eskolan hain zuzen, oso emanaldi ederra antolatzen ari dira. Ekainaren 6an, 18:30ean izango da zita handia, gorde data!! Azken hilabeteetako entseguak, musika akordeen zein ahots finen afinazioak izan dira lan lerro garrantzitsuak, Larraulgo Herri Eskola txikian. Gitarrak alde batera eta bestera, soinua, perkusio kaxa zein piano doinuak. Gitarra akorde bakoitzak sortzen duen bihotzeko eztanda; txikitasunak sortzen duen handitasunaren isla. Bizipozaren esentzia.

Doinuak Bidean izena duen emanaldi goxo zein hunkigarria bizitzeko aukera izango dugu, hainbat artista profesional tarteko, baina baita eskolako guraso ohi, ikasle ohi, herriko kide zein gaur egungo komunitatea osatzen dugunok parte hartuko dugu bertan. Beti ere protagonistak txikiak izanik, beraien naturaltasun eta bertute osoarekin oholtzara igoko dira; ordubete inguruko eskaleta osatzeko gai izan dira gainera, irakasleen zein beste hainbat lagun berezien laguntzarekin. Gonbidatuta zaudete guztiok. Txikitasunetik egiten diren gauzek makro-festibaletan baino emozio gehiago mugitzeko gai direla esango nuke eta.

Ekainean ere beste data garrantzitsu bat dugu; ekainaren 16an, hain zuzen ere. Adunan izango da Eskola Txikien Festa, makina bat bilera egin dira, kamiseta salmenta ez da faltako, ezta urduritasunik ere. Egun polita pasatzeko eta komunitatea egiten jarraitzeko aukera paregabea da; txiki garenok indartsu bihurtzen baikara denok elkartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!