Surfean aritzen

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2024ko urt. 19a, 07:57

Ezin dut hilabete baino gehiago pasa itsasoa ikusi gabe. Itsasoaren indarrak, olatuen mugimendu nekaezinek zein etengabekoek, neguan zein udan, gau ala egun, euri edo eguzki, edozein txundituko duten formetan, noraezean dabilena, agorrezina da bera.

Sekula gelditzen ez diren olatuak. Marearen joan-etorriak, gora eta behera, indar apalagoz edo indarrez beteak, ekaitz edota lasaitasunaren adierazle izaten direnak. Aldarte aldakor zein gorabeheratsuak egunaren araberakoak, kanpo elementu boteretsuen antizikloi edo ekaitzaren eraginak pairatzen dituztenak, baita tokiko trumoi, euri edo kazkabar jasa itzelak ere baldintzatzen dituena. Bizitzaren olatuaren antzekotasun handia atzematen diot itsasoari; gure pareko dela dirudi. Bizia dena, gure barruan sortutako sumendien zein trumoien indarrarekin uholde amaiezinak sor ditzakeenak. Baita maitasun zein algara eroek berpiztutako maitasun olatu ederra bihurtu daitekeena.

 

«Bizitzaren olatuaren antzekotasun handia atzematen diot itsasoari; gure pareko dela dirudi. Bizia dena, gure barruan sortutako sumendien zein trumoien indarrarekin uholde amaiezinak sor ditzakeenak»



Olatua gora, olatua behera, neoprenoa jantzi eta olatu seriea noiz datorren erne egon behar da. Longboard-aren gainean orekari eutsiz. Itsasoaren kolore urdin-gris berdetsuek abduzitzen digute begi ninia, itsaso-mugaren edo infinituaren marra sotila. Ortzi-mugan eguzkia ezkutatzen deneko momentu magikoa, izan denaren eguna iragana dela aitortzen diguna, aldiz hurrengo eguneko egunsentiak aukera berriak emango dizkiguna. Zerotik hasi eta kontadorea berriz ere martxan jartzen den bezala.

Zentzu guztiek lagunduko digute orainari irtenbidea ematen eta etorkizunari bidea egiten. Entzutetik, ikustetik, usaintzetik zein sentitzetik. Pilotu automatikoa martxan dugun bitartean horiek denak galtzen ditugu tamalez. Zentzuei toki ematean surfean aritzea errazago dela dirudi. Olatu uhinen indarra sentitzen dugulako, itsasoaren orroak eta intentsitatea…

Arnasa lasai hartu eta lasai bota, besoak zein oinak olatua hartzen lagunduko digute. Ezin badugu hartu, lasai, pasa-txanda egin eta hurrengoa bitarte itxaron, hartu arnasa, bete hauspoa eta itxaron zure olatu perfektua, iritsiko da nahi baino lehen. Batzuetan hondartzaraino eramango gaituena, beste batzuetan bertan trabatu eta irentsiko gaituena, baina ez ahaztu, sakon arnastu badaezpada, hurrengo olatua ere iritsiko da eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!