Ekoizpen zein transformaziorako prozesu konplexu zein produktuen salmentarako bideen hautuetako hausnarketa sakonak. Lapurdiko errealitatean kokatzen den laborariak lurraren espekulazioari aurre egin behar dionean eta honek suposatzen dion buruko mina… bihotz-mina.
Eguzkiaren giro goxoak lagundurik hantxe elkartu ginen zientoka bat lagun, batzuk gure artean ezagunak edo gutxienez batak bestearen berri izanik tarteko lagunen bidez. Beste batzuek berriz erabat aurpegi berri eta kuriositateak jota bakoitzak nolatan generamatzan Baserriko uzta hartara elkarri galdetuz irribarretsu. Eserlekuak hartu, nonahi edo bestearen ondoan jartzeko gogoz, giro ederrean egin genuen bazkari herrikoia baserriko aterpean. Esan beharrik ere ez da, EH kolektiboko kideen produktuez osatutako otordu gustagarria sukaldatu zutela mimoz etxeko zein bertako laguntzaileek, babarrun zein barazki eta sagar zukuaz zintzurra bustiz, etxean bezala sentiaraziz bata bestearen urruntasunetik Baserriko uztak elkartuta batak bestearen bizitzan barrena kuriositatez betetako bazkal oste bikaina.
Miren Narbaizaren bakarkakoaren ahots eta doinu ausartek gitarraren akordeekin lagunduta ahozabalik utzi gintuen gehiagoren gosez. Naturatik inspiratutako zein inguruko bizipenetatik idatzitako letra sarkor zein sakonak zer-nolako egiak bota zituen ordu eta erdiko estasian. «Oinez dabilenak soilik ikusiko du osorik zerua lurrean pauso bakoitza opari», horrela zioen Negua udaberrituko da kantak.
«Erritmoa jaitsi eta suaren ondoan goxo-goxo egoteko, egun euritsu, haizetsu eta ilunak gozatzeko prest!»
Badator bai negua, eta ni egia esan deseatzen negua iristeko. Erritmoa jaitsi eta suaren ondoan goxo-goxo egoteko, egun euritsu, haizetsu eta ilunak gozatzeko prest! A zer erritmo udaberri-uda zein udazkenekoa… horrela ez gara 70etara iritsiko gu… nola ba! Erle-zaintza, txikien zaintza, zein ingurukoen zaintza lanekin buru-belarri gainezka eginda ibili baikara azken hilabeteotan… Hori diote begi zulo zein ile anabasituek… Orain nire txanda da! Denon bizitzak erdigunean jartzeko garaia delako! Hasi lurraren zaintzatik, naturarena, pertsonena zein gure arteko elkarbizitzako zaintza bitartera. Beste sistema berri bat eraiki dezagun guztion artean, eredu bertikal zein jazarpenak gaitzetsiko dituenak. Merkantilizazio eta etekinen gainetik pertsonak balorean jarri eta guztiok zainduko gaituztenak.