Etengabe maite-minduta

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2023ko urr. 14a, 07:58

Bizitzaren bi alderdiak: maitasuna eta bihotz-mina. Bakoitza ezagutu gabe ezin apreziatu bakoitzaren emozio zurrunbiloa.

Bizitzako momentu ederrenak eta goxoenak dira maitasunak ematen dizkigunak. Begiek dir-dir berezi bat egiten dutenean, pertsonekiko duzun jarrera baikorra, atsegina eta egoera gogorrenei ere aurre egiteko indarra duzunean, oztoporik gabeko sasoia, trabarik gabe dena erraz, arin eta era naturalean gauzak ezin hobeto joaten direnean. Maitasuna kidearekiko, etxekoekiko, lagunekiko, lankideekiko… Laburtuz, bizitzarekiko.

Maite-minduaren bigarren zatia ere existitzen da ordea. Minduta, ilun, indargabean, traban, zailtasunez egunak konturatu gabe pasatzen direnean, mantso, motel, ezinean… Oheko izara azpian sartu eta aterako ez nintzatekeen egunak, goizeko kafesnea berotzean ere, tazak eskuetatik ihes egin eta lurrean milaka zatitan egiten duenekoa, bihotza bezalaxe.

Lehen tesituran gusturago sentitzen gara bai, baina biak bizi ditugu. Honako esaldiak laburbiltzen duela esango nuke: «Bizitzaren helburua ez da ekaitza pasa arte zain egotea, euri azpian dantza egiten ikastea baizik». Esamolde hau oso gogoko dut. Horixe erakutsi dit nire maite-minak, dena delakoarekin aurrera egiten, besoetan bildu, estutu eta aurrera beti! Izan eguzki, laino, euri edota ekaitza.

«'Bizitzaren helburua ez da ekaitza pasa arte zain egotea, euri azpian dantza egiten ikastea baizik'. Esamolde hau oso gogoko dut. Horixe erakutsi dit nire maite-minak, dena delakoarekin aurrera egiten»

Gaurkoan ospakizunetarako tartea ere hartu dugu, Euskal Herriko kostako herrixka batean bazkari goxo bat eginez udazkeneko giro epel eta eguzkitsuaz lagundurik. Azkar batean pasa baitira 17 urte elkar maiteminduta, eta noski baietz, horrelakoak ospatu behar ditugu, behin bakarrik biziko gara eta hemen behintzat!

Ospakizunetik ospakizunera, Atarikide guztiok ere izan dugu zer ospatu. Herrigintzan, tokiko hedabideei, euskarazko komunitateari, eta bertako proiektu txikiei bultzada emateko indarra atera dezagun beste hamarkada luzez. Izan dezala ibilbide oparoa! Zorionak, Tolosaldeko Ataria-ko kideoi! Orain festa ondorengo ajeak luzean iraun dezala irribarretsu, izpiritu kritiko eta iraultzaile jarrerarekin!

Eta beste ospakizuna izango dena urrian, '83ko uzta oparoarena! Euskal Herriko hainbat tokitan uholde ikaragarriak izan ziren urte hartan etorri baikinen mundu honetara. Berrogeiak borobil-borobilak gure baitan, bizipenez betetakoak eta sekula aldatuko ez nituzkeenak. Kintoan bai pertsona ederrak daudenak! Denentzat besarkada bana eta ospakizun on Tolosako kaleak girotuko dituztenei urriaren 21ean!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!