Reset

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2023ko uzt. 3a, 07:58
Larraul herria. J. MIRANDA

Betidanik izan dut gaitasun berezi bat momentu txarrak edo gogorrak ahaztu edota nire memoriaren azkeneko zokoan ahazturik izateko. Biziraupenaren estrategia bat dela esango nuke, ahazteak edo presente ez izateak mina arintzen duelako.

Egon badaude ordea, noizean behin egoera desatsegin eta errepikatzerik nahiko ez zenukeen hori, mutur aurrera ekarrarazten dituzten momentuak. Begiak zabal-zabalean ireki: «Berriz ere honek gertatu behar al du?», galdetzen diot neroni. Orduan bi aukera daude: lehen aldiz esperientzia eskas harekin erreakzionatu zenuen modu berean egitea gauzak, edota esperientziaren kaxa ireki eta aukera berriak sortzea bizipen bakoitzak ematen digun lezioa aplikatuz. Bigarren hau interesgarriagoa dela esango nuke, baina batzuetan, tamalez, lehen aukera izaten da barru-barrutik eta bihotzaren sakonetik ateratzen zaiguna. Orduan zer demontre gabiltza beti harri berdinean eroriz? Ez al dugu ikasten?

Horrelakoetan informatikoek egiten duten moduan, gure burbuila formateatu edo reset botoi gorri handi bati zapaltzearen desira izaten dut. Baina ezin da, ez da joko arauan sartzen, sistema berrezartzeko lana guk egin behar dugu.

 

«Guk herri txiki batean bizitzeko hautua egin genuenean, oso argi geneukan komunitate horretan inplikatzea ezinbestekoa izango zela, horrek ematen baitio zentzua hautu kontziente horri»

 

Harremanetan sortzen diren gorabeherak izaten dira gehien korapilatzen direnak eta mugitzen digutenak. Guk herri txiki batean bizitzeko hautua egin genuenean, oso argi geneukan komunitate horretan inplikatzea ezinbestekoa izango zela, horrek ematen baitio zentzua hautu kontziente horri. Txikitasunak konfiantzazko harremanak sortzeko aukera eskaintzen baitu, gutxi izatearen abantaila, sakonago gertuagotik pertsonak ezagutzeko parada. Ezberdinen arteko ulertzea derrigortzen gaituena askotan, aurrez inoiz hitz egitera gerturatuko zinatekeen horiekin afarietan edota kafe bat hartuz tertulian egotean bilakatzen dena.

Txikitasun horretan ordea badaude konplexuz edota berdinen falta horretan ez direnak eroso sentitzen, agian zarena erakusteko beldur zarelako. Orduan, alde egiten dute baina ez komunitatetik baizik eta beraien esentzietatik. Nire zalantzak ditut, handiagoa den komunitate edo ezberdinez osatutako multzo handiago batean harremanak sakonki lantzeko aukera gehiago eskaintzen ote diguten, ez ote diren gaur egungo beste hainbat alorretan gertatzen den fast kontzeptua azkartasun eta axaleko harreman arinak izaten gehienetan. Gure interesak asetzeko iraungitze-data arina duten kontsumismo puntualak ez ote diren horrelakoak…

Arnasa hartu sakon hiru aldiz eta aurrera, bakoitzaren esentziak ez galtzen utzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!