Lehenengo aldia

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2023ko mar. 5a, 07:58

Gure bizitzetan sekula ahaztuko ez ditugun lehenengo aldi asko ditugu.

Gurasoen begiradapean eta jolas artean irribarre egiten dugun lehen aldia; hortzoi edo entziak handiturik eta gorri-gorri eginda daudela min ikaragarria sentitzen dugunean ateratzen den lehen hortza; onomatopeia ezberdinak elkartuz lehen hitza osatzen dugunean, edota lehen aldiz xutik bi pausotxo elkarren segidan ematean lortzen dugun askatasuna.

Horrela zerrenda luze bat egin dezakegu, BIZITZA lehen aldiez beterik baitago. Nerabezaroan ere lehen aldi asko daude ahaztezinak izango direnak: lehen muxua, lehen garagardoa edota lehen neska-mutil laguna izatearena. Lehen desamodioa mingarri jasanezina, zauritutako bihotz taupada gaztea negar malkoen iturburua bilakatuko dena. Nola ez, ezin ahaztu lehen aldi zerrenda honetan idealizatutako lehen larru jotzea edo txortaldia.

Ederrak bezain krudelak diren urteak esango nuke, ez dago ukatzerik urte hauek berebiziko garrantzia dutela. Zalantzarik gabe haurtzaroko etapan duten lehen aldiak oso garrantzitsuak izan arren, dozena urteetatik gorakoek ere berebiziko pisua dutela esango nuke. Bakoitzaren pertsonalitatea, autoestimua eta izatea osatzen duten momentuak baitira. Familiaz haratago, lagunen unibertsoak eta kaleak garrantzia hartzen dute eta gaur egun nola ez, eragin handia duten sare sozialak; itxurakeriez eta selfiez betetako autorretratu perfektuak.

Urteak aurrera joan ahala lehen aldiak bakoitzaren bidean mugarri izaten dira, gurasoen etxetik independizatzen garen eguna; etxeko martxa bakoitzaren esku dagoenean, gastuak gure poltsiko propiotik kudeatu behar direnean. Edota soldatapeko lanaren bila izaten diren elkarrizketa eta psikotekniko frogak zein zure bizitza profesionala abiarazten lagunduko duen lehen lanpostua.

Haatik, bada beste lehen aldi ederra; bikotekidearekin egunerokotasuna bizitzeko prest zaudela sentitzean. Proiektu amankomuna bizi eta aldapan gora zein behera bidea egiteko erabaki adostua hartzean, errespetuan eta maitasunean oinarritutako harreman sendoa eraikitzearen konpromiso irmoa.

 

«Dena dela errepaso hau eginez, 'lehen aldi' ausartena AMA izatearena izan dela esango nuke. Beldur, zorion zein galderez betetako haurdunaldia eta erditze ostea»



Dena dela errepaso hau eginez, lehen aldi ausartena AMA izatearena izan dela esango nuke. Beldur, zorion zein galderez betetako haurdunaldia eta erditze ostea. Hitzen bitartez azaltzea zaila egiten zaidan egunerokotasun bizi zein izugarria. Bizitzako esperientzia iraultzaileena eta eraldatzaileena izan dela esango nuke. Amatasunak irakatsi baitizkit lehendik ez nekizkien gauza asko, eta askotan zalantzan jarri ditu ustez seguru nituenak. Tsunami handi bat dela esango nuke, bizitza astintzen duena, sinesmenak goitik behera aldatzen dizkiguna. Gorputz eta arimaz jarduteko ariketa amaigabea, hogeitalau orduz, zazpi egun astean, hirurehun eta hirurogeita bost egun urtean. Amatasunak erakutsi dit niregan sekula ikusi eta sentitu gabeko gauza eder zein ez hain ederrak. A ze erreboluzioa bihotz taupadez astindua dena. Horrela ari naiz arnasten ikasten, erlatibizatuz eta akatsak egitea saihestezina izango dela onartuz. Beti halere lema bat dut buruan; lehen aldia izanik, saiatu ahalik eta egokien egiten, sinistuz norberarengan.

Egunero izango da zerbaiten lehen aldia!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!