Eskutitza Mari Domingiri

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2022ko abe. 12a, 07:58

Olentzero eta Mari Domingi Ibarran, iaz. A.I.

Urteko azken lerroak izango dira hauek etxean goxo eta kanpoan umel, busti, dagoen bitartean. Badatoz Gabonak, oporrak, Urte Zaharra, festak, janak eta edanak, familia giro goxo eta lagunarteak, baita bestelako konpromiso eta ohitura aldaezinak…

Sekula ez naiz sentitu horren pribilegiatu. Apaltasunetik baina harro esan dezaket nahi dudan tokian eta jendearekin nagoela. Baina ez da ezer perfektua, ekosistema sozial honetan harago joan gaitezkeela uste dut hainbat alorretan: parekideak diren harremanak eraikiz, hizkuntza erabilera normalizatuz Euskal Herriko txoko guztietan… Ingurumena zaintzearen keinu sinple baina ezinbestekoak gure egunerokotasunean…

Pribilegiatuak gara benetan? Batzuk horrela sentitzen garen arren, gure zilborretik harago bestelako egoera larri eta gazi bizitzen dituztenak geroz eta gehiago direla uste dut. Arrakalak handiagoak eginez gizarte mailan eta guztiok ere edozein momentutan gure pribilegioak gal ditzakegula konturatzen gara, edonori gerta lekioke… horren azkar bira eta bira ari den mundu aldakor honetan.

Lana izatearen pribilegiatu sentiarazten gaituzte edozein baldintza, ordutegi eta soldata izan arren. Horrela ulertzen dute batzuek pribilegiodun izatearekin.. Ez, ez, ez… ez goaz ondo.

Duintasun ekonomikoa, soziala, eskubide bat izan beharko luke. Baina eskubideak ez ditugu denok, munduko txoko ezberdinetan dauden desplazatuei galdetu besterik ez dago. Migratzaileei egiten dituzten pauso bakoitzaren aztarnetan zer-nolako traba, bortizkeri edota zapalkuntza jasaten duten. Hori guztia, beraien herrialdeetan dagoen egoera larriek bultzatuta bizitza berri baten bila joateko beharrak besterik ez dagoenean beraien intentzionalitatean.

 

«Mari Domingiri honakoa eskatu nahiko nioke: Euskal Herriko zein mundu guztiko haurrek giro goxo eta osasuntsu batean hazi, hezi eta bizitzeko aukera izan dezatela»



Zer esanik ez, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen kasuak urtez urte gehiago direla konturatzen garenean gizartearen erraietan dagoen patriarkatuaren eraginez, zer-nolako botere harremanak sortzen diren gure inguruan…

Eta ezin dugu ahaztu, gure lurra ez dagoela salgai, bai Euskal Herrian zein beste hainbat herrialdetan nekazariek beraien lurrak defendatzeko multinazional handien kontra egiten dituzten borrokak eta beraien artean egiten dituzten antolatze lanak…

Osasun eta hezkuntza zerbitzu kalitatezko eta integratzaileak direnak guztion eskura ez daudela badakigu. Geurean a zer nolako altxorra dugun, eskola txikia, 2-12 urte bitarteko talde ederra herria alaitzen, irudimena lantzen eta etorkizuna sustraitzen…

Mari Domingiri honakoa eskatu nahiko nioke: Euskal Herriko zein mundu guztiko haur guztiek, datozen hamarkadetan, giro goxo eta osasuntsu batean hazi, hezi eta bizitzeko aukera izan dezatela. Azkenik, behin eskatzen hasita pribilegiodun gutxiago eta giza eskubideak bermatuta izatea guztiontzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!