Rhythmus Cambium

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2022ko urr. 21a, 07:58
Adunako kultur egitarauaren barruan mugarrietara ibilaldia egin zuteneko irudia. J.A.BELAMENDIA

Udazkeneko erretratu eder bat ikusi dut, gure herriak inguratzen dituzten harizti, pagadi, gaztainondo, akazia, lizar, urki, pinu, zein bestelako hainbat espeziek osatutako Basoa. Lur usain freskodun lurrinarekin bustitakoa. Basalandare, onddo, zein hainbat bizidunen gotorlekua. Astez-astez kolorez aldatzen joango dena; berde bizi, berdexka, hori zein gorriztak jasotzen dituzten hostoak, zuhaitzak biluzteraino, lurrera erortzean eta zapaltzean krisk-krask egiten duten hostoek osatzen duten lur emankorra.

Gustukoak ditut udazkeneko egunak, zirimiridunak, jantzi euritakoa, katiuskak eta ttikiarekin putzuetan salto egiteko aprobetxatzen ditugunak, ez da askoz gehiago behar. Begiak erne eta belarriak adi, txoriak zein basalandare ederrak ikusteko aukera ematen duten inguruak, ezkur, mizpira, intxaur zein gaztainak jaso, sagarrak hartu eta onddoren bat topatuz gero garai ikur paregabea! Ehiztariak ere ari dira, punpa-punpa beraien postuetatik, uso pasea hasia dela ohartarazi digute, hegaztiak Afrika bidean dira negua ahalik eta goxoen iraute asmotan.

Guk ere intentzio berarekin, negurako egurrak prestatzeko ditugu oraindik. Elektrizitateko fakturaren beldur bagaudelako komunikabideetan entzuten diren berriekin. Ahalik eta arinen pasa dezagun datorkigun zaparrada... Honetarako antolatzen hasiak gara ordea; komunitatean, herrian, taldean... Ez gaitezen zain egon mandatariak etortzera gu zaintzera, gure sukaldeetako babarrunak prestatzera edo gure beharrak zeintzuk diren entzutera. Bila ditzagun sareak, bizitza bizigarriagoa egiten lagunduko gaituztenak, babestu zein ahaldunduko digutenak. Indibidualismoa baztertu, gure artean elkarri laguntzen eta zaintzen baloreak erdigunean jartzean datza, txikitasunetik gauzak eraldatzeraino egunerokotasunean bizigarriagoa izan dadin Bizitza.

 

«Joan basora paseatzera, arnastu sakon eta sentitu zuhaitzen eta lurraren kontaktua; ez da batere berritzailea hau, Japonian aspalditik erabiltzen baitute Shinrin-Yoku izeneko baso-terapia»



Basora itzuliz eta munduko miseriak alde batera utziz, udazkeneko erritmo aldaketak eragiten digute, batez ere ordu aldaketarenak. Honetarako ere estrategiak bilatu beharrean gaude, behintzat ez gaitezen etxean bakardade horretan erori... Joan basora paseatzera, arnastu sakon eta sentitu zuhaitzen eta lurraren kontaktua; ez da batere berritzailea hau, Japonian aspalditik erabiltzen baitute ShinrinYoku izeneko baso-terapia. Azterketa zientifikoek frogatzen dute, naturarekin elkarreraginean aritzeak kortex prefrontalaren jarduera gutxitu egiten dutela; hau da, burmuinaren zatia, non funtzio kognitibo eta betearazleak daudenekoa, planifikazioa edo problemak ebaztea eta erabakiak hartzearen ardurekin lotutakoak. Baso-terapiak, emozioarekin, plazerarekin eta enpatiarekin zerikusia duten garuneko beste atal batzuetara desplazatzen laguntzen dio burmuinari, ezaugarri horiek sormenetik gertuago daude produktibitatetik baino eta honek gure bizitzari mesede egingo dio ziurrenik, animatzen basora buelta bat ematera?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!