Aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2022ko ira. 2a, 19:58

Ziztu bizian pasa zaigu guztioi uda: festa, lagunarteak, hondartza, oporraldiak eta... Bero handia... Gurean, oporraldia udazkenerako utzi dugu... Erlategiko lanak aurreratuta, ezti-uzta bilduta, ontziratuta eta hango eta hemengo txokoak lasaituta daudenean joateko asmoz. 

Halere aurtengoan nahiko kezka badugu, Vespa Velutina edo liztor asiarrarekin. Sekula baino azkarrago dabilkigu erlategietan gure erleak jan eta beldurtuz, honek dituen ondorio guztiekin; udarako azken txanpako loraldiak ez ditu aprobetxatzen erleak eta behin beldurtuta, sasoi honetan, erlauntzatik ateratzen ez bada, a ze negua datorkiguna, luzea, oso luzea... Hilabete guzti hauek berriz ere udaberria iritsi bitartean iraungo ote duen kezkarekin izango gara.

FAOren arabera, munduko elikaduraren %90 100 laboreetatik ekoizten da, eta horietatik 71 labore erleen polinizazioaren mende daude. Zenbait fruta, hazi eta fruitu lehorren ekoizpena %90 baino gehiago murriztu daiteke, intsektu polinizatzailerik gabe.

 

«Arazo bat dugula esateko atrebentzia izango dut, ez erlezainok bakarrik, guztiok, naturaren zikloak aldatzen ari direla bistakoa delako»



Erleak polinizatzaile garrantzitsuenak diren arren, ez da gutxietsi behar basa-polinizatzaileen garrantzia. Alde horretatik, zenbait azterlanek adierazten dute polinizatzaileen aniztasun onak ondorio onuragarriak dituela laboreen produktibitaterako eta kalitaterako, hala nola fruta-arbolena.

Arazo bat dugula esateko atrebentzia izango dut, ez erlezainok bakarrik, guztiok, naturaren zikloak aldatzen ari direla bistakoa delako. Dagoeneko bi sasoi ditugu afrikar kontinentean bezala, lehorra eta bustia, ahaztu zaizkigu urtaroak, udazken eta udaberriak... Dena aldatuz doa, bai klima, bai gizartea... Egin ditzagun gure esku dauden aldaketak. Landatu gustuko ditugun loreak, intsektuen etxeak sortu, ekoizpen agroekologikoen aldeko kontsumoa egin, galdetu erlezainoi eta ezagutu gaitzazu. Gure lana ere badelako hau guztia mahai gainean jartzea eta gizarteratzea. Ez da penak kontatzea bakarrik, baina bai errealitatea zein den azaltzea; eta egia da ez dela batere xamurra... Inork ez zidan esan erraza zenik erlezain izatea baina erlategiko lanez gain dauden hainbat kanpo faktoreek zer-nolako eragina duten gurean ikaragarria da. Ez nuen uste horrenbeste baldintzatuko zutenik baina bai, eta horietatik gehienak ez daude gure esku, gure kontroletik at daude. Horrekin bizitzera kondenatuta gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!