Sutara!

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2022ko ekainaren 25a

Udako solstizio edo ekinozio eguna dugu egunotan, tartean sorginkeriaz eta magiaz beteriko egun eguzkitsu bero eta luzeak.

Euskaldunontzat garrantzi handikoa izan da, Eguzkiak bere ibilbide gorena hartuko du, zeruko gaina ukitzerainokoa, hortik omen dator hilabetearen izena (Eki + gaina = ekaina).

Jaietan jai izan beharko luke, naturaren indarra, ama-lurrak bere osotasunean duen emankortasun guztia borborrean dagoen momentua, animalia, basapizti eta hegaztiak txioka gure inguruko txoko guztiak alaituz dabiltzan honetan. Erritualak pisuzko elementu izan ohi dira data hauetan, lurraren ziklo eta erritmora bizi ginenean batez ere, orain bada berreskuratzeko intentzio eta gogo bizia jendartean.

 

«Gure herenamona, birramona, amona eta aurreko belaunaldien izenean berreskura ditzagun magia sortzen duten erritual horiek»



Erritualak natura gurtu eta uzta oparoak izateko izaten ziren eta dira gaurdaino. Kristautasunak ere bereganatu zuen San Joanen izenean, deabru eta sorgin gaiztoen aitzakian zigortu eta inkisizioaren sugarretan ere erailak izan zirenak badira, baina ez dute lortu erritu zahar eta magia desagertzea.

Gure herenamona, birramona, amona eta aurreko belaunaldien izenean berreskura ditzagun magia sortzen duten erritual horiek.

Etxeetako ate edo leihoetan lizar adarra jarriko dugu etxeko kide guztiok babes gaitzan. Sua piztu, Ekiren omenez eta garbi gaitzala gaitz guztietatik, egin salto, dantza suaren inguruan, egin dezagun irrintzi lagunartean… Zerbait ahaztu edo urrundu nahi badugu, paper batean idatzi eta bota sutara! Hau esaten omen da: «Txarrak eraman eta onak ekarri!».

24ko egunsentia argitzean erreketako edo iturrietako ura jaso, indartzeko eta sendatzeko balio omen du eta goizean bertan oinutsik zelai eta larreetan ibili ihintza denean! Osasuntsu egoteko urte guztian!

Berreskura ditzagun naturari lotutako erritualak! Egin dezagun dantza bizitzan! Eta Sutara behar eta nahi ez dugun guztia!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!