Igandeak

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2022ko api. 22a, 20:58

Gogoan dut igande arratsalde bat, biharamunean lagunekin parranda eginda udako eguzki ederra ez galtzearren jantzi mendiko zapatilak eta Uzturrerako bidea hartu nuenekoa. 17 urte inguru izango nituen, gaztetasunaren indarrarekin aldapan gora izerdi batean eguerdiko ordu bete-betean. Zenbat aldiz egin ote nuen bide hura, gora eta behera, umetan ikasitako bidea. Zerbait bazkaldu etxekoekin eta berriz ere kalera lagunengana.

Unibertsitatean ikasketak egiten ari nintzelarik ordea igandeak bestelakoak ziren, Tolosatik-Iruñera herriz herriko autobusa hartu behar nuenekoa. A ze bidaia ederra! Araitz bailarako baserriak ikusiz, mailoak eta Nafarroako Lautadako laboreen kolore aldaketak urtean zehar, udaberriko berde bizkor eta biziak udako urre kolore ederrenetara. Pisu-kide zein bertako lagunekin elkartu ilunabarrean, afari-merienda egin, asteburuko pasadizoak kontatu eta berriz ere errutinara ikasketa giro jatorrean.

«Lanean nabilenetik  bai besteentzako edo nire kontura, igandeak guztiz gozagarriak eta probetxuzkoak izatea  izan da helburu, bai kanpoan edo etxean, niretzat eta ingurukoekin konpartitzeko eguna»

Lanean nabilenetik bai besteentzako edo nire kontura, igandeak guztiz gozagarriak eta probetxuzkoak izatea izan da helburu, bai kanpoan edo etxean, niretzat eta ingurukoekin konpartitzeko eguna. Azken boladan gehiago etxe aldetik kanpo aldetik baino, aitortu behar dizuet gustura joaten naizela orain ere asteburu pasa edo kanpora baina geroz eta gusturago sentitzen naiz etxean. Gurean gainera bada beti zer egina, baratza, erleak edo etxe inguruko atonketa lantxoren bat… Baina dinamika honetan erortzearen beldurra ere badudala aitortuko dizuet. Adinaren eragina ote da? Erosotasunaren eta lasaiago ibiltzearen behar hori… Uixx… zahartzen ari naiz! Amaaa!!!

Nahiago dut sinetsi bizitzako faseak direla, eta garrantzitsuena momentuan zoriontsu egiten zaituen horretan jarraitzea dela… Arrisku batek mehatxatzen nauela sentitu arren lokartzearena, nagitzea edo alfertzearena. Ez zait iruditzen baina, hortxe beldurra…

Hotz-hotzean pentsatuta gure bizitzako egun bakoitzak, kontu bakoitzak, gorabeherak, bizipenak, pertsonak, solasaldiak ematen diote elikatzen arimari eta horrela hazten da gure barnea. Beraz ez gaitezen arduratu non gauden, baizik eta nola gauden.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!