Ilusioz beteriko bidaiak

Erabiltzailearen aurpegia

Honako lehen lerro hauek ere bidaia berri baten hasiera bezala bizi ditut. Sasi idazle moduan baten batek irakurriko ote dituen galdezka neure buruari, baina izenburuak dioen moduan ilusioz… Aurrera!

Bizitzan izan dudan bidaiarik intentsuena izan da hau. Etxetik mugitu ere egin gabe! Bai-bai! Horrelaxe diot, etxetik mugitu ere egin gabe! Amatasunaren bidaiaz ari naiz bai. Ikaragarria bidaia, batzuetan beste galaxia batek xurgatu zaituela dirudi, baina munduak biratzen jarraitzen du. Bi urte ziztu-bizian pasa direla ohartu naiz aste honetan! Begien itxi-ireki batean! Nola da posible bi urte!

Atzoko eguna dirudi aste-bukaera «ero» horietarako mendirako motxila prestatzen nabilela, lagunekin joateko Pirinioetako mendi, baso zein txoko ezberdinen paisaiarekin bat egitera eta aske sentitzera, arau edota mugarik gabe. Bizitza besterik ez, irribarre eta ilusioz beteriko egunak!

Amatasunaren bidaiaz ari naiz. Ikaragarria bidaia, batzuetan beste galaxia batek xurgatu zaituela dirudi, baina munduak biratzen jarraitzen du.


Ametsetatik sortu ziren urrutira joateko bidaiak. Lagunartean, familian zein bakarrik, modalitate guztiak gustuko nituen. Bizikletan, oinez edota kamioi zaharren gainean. Atzokoak diruditen oroitzapen goxoak. Hangoa eta hemengoa ezagutu, usaindu, partekatu, ikasi, entzun… Pertsonak lagunak bilakatuz… Begiak erne eta irribarrea ere prest!

Nire bidaiatzeko grina badakit nondik datorren… Txikitan hegazkineko laguntzailea izan nahi nuen, ondoren estereotipo eta arauen eraginez bertan behera geratu zitzaidan amets hura, metro eta hirurogeita bost zentimetrotik ez nintzen pasa eta hortxe geratu nintzen ez atzera ez aurrera. Zenbat gustatzen zaidan hegan egitea!!

Ilusioz beteriko bidaia bakoitzak du bere xarma, azken bi urteek inguruko hainbat txoko eder ezagutzeko aukera eskaini dizkigute, inguruko baso, mendi zein erreka zidorrei esker mantendu gara ilusioarekin, ametsekin eta berriz ere mundua ezagutzeko gogoz. Baina kasu horretan aditza aldatuko nuke… Mundua ezagutu ordez zainduko bagenu ez litzake gutxi izango! Ruperrek bere kantan dioen moduan, «zaindu maite duzun hori».

Orain bizitzako bidaiak, han edo hemen, urruti edo gertu, familian edo lagunartean dituen momentuez gozatzeko aukera eman nahi diot nire semeari, baina gauza bat argi dut norberak erabakitzen duela nori eta zeri jarri Bidaia handienaren titulua. BIDAIA ON!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!