ARITZIA. Uda garaiko promesak

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2026ko ekainaren 26a

Txioka, entzun, 

Txioka, entzun.

Goizean goizetik sorbeltzak balkoian paratu zaizkit

maindire arrosadun zerua atzean utzirik.

 

Mandevillak bikain loratu zaizkio aurten ere 2Ako bizilagunari,

lore-hosto zuri eta fuksiak arin dantzarazten ditu haizeak.

 

Txioka, entzun,

txioka, entzun. 

 

Zergatik zatozte armiarma saredun barrote artera,

nire balkoia kaiola huts bat bada?

Zergatik zatozte?

 

Hurbildu, sorbeltzak, hurbildu!

Kaiola huts hau zuen bidaia luzeen atsedenleku bilakatuko dizuet. 

 

Zatozte, sorbeltzak, zatozte 

uda garaiko promesak entzutera:

beltz matez bernizatuko dizuet baranda,

zuen lumajearekin bat etor dadin.

Hurbildu, sorbeltzak, hurbildu!

Ipiniko dizkizuet 2Akoarenak baino mandevilla koloretsuagoak,

urrundik entzun eta nabarmendu zaitezten.

 

Zatozte, sorbeltzak, zatozte!

Trukean, eraman nazazue zuekin

hodeiez haraindi, mugaz gaindi, 

lurrikara eta errenta aitorpen basatietatik salbu.

 

Uda garaiko promesek gidaturik

eraman nazazue zuekin, nora naramazuen esan gabe;

ez diot erbestea deituko itzuleran, han nonbait baizik.

 

Txioka, entzun,

txioka entzungo zaituztet.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!