OLERKIA

Haizea eta palmondoa

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2026ko apirilaren 24a

Haizeak baditu milaka aurpegi,

ihes egiteko milaka manera.

Haizeak astindu nahi banau, aske naiz nola kolpatuko nauen hautatzeko?

Aizkora kolpez joz gero, azaleko zauriak sortuko dizkit;

labankadak jasoz gero, ez dit orbainik utziko.

 

Itsaso formako kartzelan geldirik geratuko naiz,

ez naiz inora abiatuko.

Itsaso formako kartzelan ez nago galduta,

aterpe seguruan naizelarik

enbatak ez nau odolgabetuko.

 

Haizeak badaki ez naizela bera bezain suharra

baina palmondoak ez gara haizea bezala ahultzen.

Haizeak badaki ni baino malguagoa izaten

baina ez du ezagutzen palmondoaren sendotasuna.

 

Haizeak astintzen banau,

okertu bezain azkar tentetuko naiz hondar-ekaitzetan.

Haizeak gogor jo arren,

ez nau erauziko, ez nau otzanduko.

 

Haizeak baditu milaka aurpegi

ihes egiteko milaka manera,

astearte goiz batez etorriko da

eta astearte goizarekin batera

bidesaririk gabe utziko diot joaten.

 

Nekearen nekez, ezdeus bilakatuko da haizea

nire hostoen berdea hondatzeko gaitasunik gabe

eta azal zein sustraiak edertuko dizkit

gereziondoek apirila nola.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!