Txorimaloei mokoka

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta

Ume-umetatik irakatsi digute galderei erantzun egin behar zaiela, askoz ere hobea dela erantzun txarra isiltasuna baino. Haurrek, dena den, lurrera begiratzen dute erantzunik eman nahi ez dutenetan. Haur helduagook ere antzekoa egiten dugu, hau da, beste aldera begiratu muturren aurrean duguna saihesteko. Baina, zer ikusiko ote du gutako bakoitzak beste aldera so egin ostean?

Ziurgabetasun garaiak datozkigula errepikatzen ari dira Europako zein itsasoz bestaldeko txorimalo bat baino gehiago. Europa Ekialdeko basapiztia menderatu behar omen da, kosta ahala kosta, Ekialde Hurbileko ankerkeriari mugarik jartzen ez zaion bitartean. Komunikabide gehienek marko mental belizista hauspotzen dutela ikusirik, zuetako bakoitzari galderak egin ditzazuen eskatu nahi dizuet, zeren nik ziurtasuna dut komunikazio eredu horrek erre duela su har zezakeen ia guztia. Eta, benetan, ez dakit kanpoan baden sendagairik ala gu geu garen benetako gaitza, baina badira ziurra dirudiena zalantzan jartzeko nahikoa arrazoi.

«Komunikabide gehienek marko mental belizista hauspotzen dutela ikusirik, zuetako bakoitzari galderak egin ditzazuen eskatu nahi dizuet, zeren nik ziurtasuna dut komunikazio eredu horrek erre duela su har zezakeen ia guztia»

Nork geldiarazi dezake erokeria hau? Nola amaituko da, inoiz amaitzekotan? Gu ere konplizeak ote gara? Helmuga jakinik gabeko bide horretan topatu dut Argiaren Galdera Basatiak podcasta. Iñigo Martinez filosofoak gidaturiko saioan irudimenaren, maitasunaren, edota literaturaren inguruan hitz egingo dute ordu erdiren bueltako tartean. Dudarik gabe, osagai apartak dira zalantzen arteko dantzan murgiltzeko, eta bide batez, trajedun txorimaloei mokokada garratz batzuk emateko, basakeriarik zentzugabeena eteteko. Hori izan liteke propaganda gerrazalearen aurkako erremedioa.

Tira, baina gauza garrantzitsuei begiratuta, gainerakoan, betiko martxan jarraitzen dut. Batetik, badakizue; eta bestetik, zer esatea nahi duzue? Betiko kontuekin bueltaka eta galdera existentzialez josia nabil: nondik gatoz, nora goaz… Eta garrantzitsuetan garrantzitsuena: noiz irabaziko du gure Iñakik lehen mailako txapelaren bat? Horrelaxe nabil, aizue, gustuko erantzunen faltan, galdera egokiak egin nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!