Bakarrizketan

Eihara Irazusta eta Sambou Diaby aktoreak 'Miñan' antzezlanean. ARTEDRAMA

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira hurbilduta, zinez pozgarria da jendearen ikusmina haztatzea, lehen aldiaren eferbeszentzia nabari dut giroan. Ulergarria izan ala ez, euskal sorkuntza-lan batek ez ditu egunero Arriagako eserleku guztiak betetzen. Jendea apurka bere lekuan esertzen hasi da. Argiztaturiko pantailak ez erabiltzea eta telefonoak itzali edo isiltzeko eskatu du megafoniako ahotsak, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenkera horretan. Argiak itzali dira.

Ordu eta erdiren ostean, «Bizitza ez da hain erraza esaten» esaldiarekin amaitu du antzezlana Sambou Diaby aktoreak. Txalo zaparrada etorri da jarraian, bi minutu ingurukoa. Zortzigarren ilaran Gorka Urbizu malkoak lehortzen ikusi dut, eta, beraz, neure buruari gauza bera egiteko baimena eman diot. Bien bitartean, Ander Lipus antzerki zuzendaria lan-talde osoa aurkezten ari da oholtza gainean: antzezleak, koreografo eta eszenografia arduradunak, argiztapen teknikoak eta Artedramako beste hainbat kide. Tartean dira Timberlake Wertenbaker, liburua egokitu duen antzerkigilea, Amets Arzallus egilea eta baita Ibrahima Balde bera ere. Irribarreak eta malkoak elkarrekin nahastu dira. Oso une hunkigarria izan da, benetan, horrela irakurrita ez badirudi ere.

Ikusleak asebeterik irten dira emanalditik. Merezi izan du! dio jendeak aurpegiko keinuekin. Autorantz noala, ordea, arantza batek zulatu dit asebetetasuna. Tamalez, Miñan ez da fikzioa; ezta Ibrahima Balde ginearraren Europarako bidaia bat ere. Apaingarririk gabeko munduko basakeriaren erretratua da, letretan lehenengo pertsonan irakur daitekeena, zuk eta nik hitzez entzun bai, baina sekula sentitu gabeko bizipenez betea. Eta nola ez, hezur-haragizko pertsonak ditu protagonista.

 

«Alde horretatik, pozik noa etxera, 'Miñan' antzezlana ekintza politikoaren berrespena delako. Bada mina hemen, eta bada mina han»

 

Era berean, ezin dezaket ahaztu adierazpide artistikoek jokatu behar duten papera; hain zuzen ere, kontsumo basatiaren kulturan sorturiko bidegabekeria neurrigabea salatu eta horiekin amaitzeko erantzukizuna. Alde horretatik, pozik noa etxera, Miñan antzezlana ekintza politikoaren berrespena delako. Bada mina hemen, eta bada mina han.

Gainerakoak agurtuta, autoan sartu, eta neure ausardia frogatzeagatik edo, Bilbotik Google Maps erabili gabe irtetea erabaki dut. Errepideari begira, berriz hasi naiz hausnartzen. Bihar idazten asmatuko ez ditudan sentipen ugari ditut orain buruan. Ziurtasun eta zalantza banarekin iritsi naiz etxera. Ziurtasuna da ezin naizela Google Maps gabe inora joan. Zalantza, aldiz, ea gaur ikusitako guztiak loa galaraziko ote didan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!