ARITZIA. Dirdira itsugarriak

Iñigo Padrales eta Pello Otxandiano. ATARIA

Berriak badu berezko dirdira, erakargarri egiten duen jaiotzetiko ikusmina. EAEko politika mailan ere, nobedadeen artean kokatu dituzte hedabideek EAJko eta EH Bilduko lehendakarigaien izenak. Aldatzea, ordea, berritzearen sinonimo al da?

Zalantzarik gabe, ezustean harrapatu gintuen Iñigo Urkullu hautagai ez dela izango jakiteak; albisteak bainoago, moduak berak. Azken hiru legealdietako lehendakariak zaharkitze programatuaren ondorioak pairatu ditu, antza, Nokia mugikorrei gertatu zitzaien gisan. Haiek bai iraun, eneee! Baina, ezer ez da betiko hemen, lagun!

EAJko Iñigo Pradalesi dagokionez, gainerako alderdiek adierazi dute aurrekoaren eguneraketa bat besterik ez dela. Aro berri baten abaroan gaudela entzun arren, ikusteke dago aldaketa estetikoa baino gehiago den ala ez. Izan ere, gaur berritasun olatuen artean zabiltza, eta ohartzerako lipdub-ak baino ahaztuago zauzkate.

Bitartean, EH Bilduk bere lehendakarigai aurkeztu du: Pello Otxandiano Kanpo, koalizioko goi-kardunek laudorioz josiriko maila goreneko politikaria. Hitz gutxitan esanda, Euskal Herria salbatzera datorkigun etorkizuneko Trunks feminista.

Iñigo Martinez filosofoak dio errepikapen automatiko etengabea berritasunaren mozorroa besterik ez dela, Mandamentu hipermodernoak saiakeran. Garbi dagoena da, gutxienez, lau gizonezko izango direla lehendakari izateko lehian. Alde egotetik alde egitearen aldeaz hausnartu beharko dute aurrerakoiek, Ajuria Eneko ate zein sabaiak ongi blindaturik utzi dituztelako. Nik, bederen, espero dut dirdirak ez zaitzala itsutu. Aurpegi eta izen-abizenak albo batera utzita, zalantza dut oinetako berriek beste ibilera bat ekarriko duten.

 

«Alde egotetik alde egitearen aldeaz hausnartu beharko dute aurrerakoiek, Ajuria Eneko ate zein sabaiak ongi blindaturik utzi dituztelako»



Gainerakoan, lehengo burutik lepoa. Batetik, badakizue; eta bestetik zer esatea nahi duzue? Urtea etorri bezala joan zaigu, Reala multzoburu sailkatu da Txapeldunen Ligan, eta aurtengo sagardoak iazkoak baino txinparta handiago izango omen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!