Kanpaiak jotzear zeudela, jeltzaleek eta PSOEk hizkuntza ereduak mantentzea adostu dute; eta, beste behin, argi geratu da isilpean onarturiko porrotaren ondorena izan dela. Orena izan zitekeen orain arteko gabezien gainean lan egiten hasteko, baina, Jaurlaritzatik baldekada ur bota diote, hezkuntza sistemaren itoginak konpondu beharrean. EAEko hauteskundeak begi-bistan izanda, bakoitzak bere kartak bistarazten hasia da, eta Elkarrekin Podemos-IUk ozen adierazi du ez dagoela ados lege proiektuarekin; izan ere, osoko zuzenketa bat eta 44 partzial aurkeztu ditu, lege proiektua pribatizatzailea dela iritzita. Horrez gain, EH Bilduk 146 zuzenketa aurkeztu dizkio testuari, azken orduko gidoi-aldaketa ezustekotzat jo ostean. Saltsa su bizian berotzen hasi dela dirudi Hezkuntza saileko sukaldean.
Behin eta berriz, abagune historikoaren aurrean gaudela entzuten ari naiz klase politikoaren ahotik, baina nago batzuei gehiago axola zaiela orain arteko biribilgunea txukun atontzea, errepidearen noranzkoa aldatzea baino. Euskalgintza Kontseiluaren kezkak ez datoz, eledun batzuen antzera, fikzioa saltzera; sakona baita hizkuntza ereduek euskararen normalizazioan eragin duten endekapena eta mina, zenbaki zein inkesta hutsez neurtu ezina. Zertan amaituko da, beraz, segregazioari aurre egin eta euskalduntzea bermatuko zuen lege berritzaile eta ausarta?
«Zertan amaituko da, beraz, segregazioari aurre egin eta euskalduntzea bermatuko zuen lege berritzaile eta ausarta?»
Ziurra dirudiena zera da: ikasleak eraberritutako biribilgune ponpoxotik sartuko direla, A, B eta D ereduetatik, handik urte batzuetara kosmopaleto akulturalak bilakatuta irteteko. Hori bai, munduko hiritar eredugarriak izango dira, Vascos por el mundo saioan erdara jatorrean aisa moldatzeko mailarekin. Dena ez da hain txarra izango, ez pentsa!
Eta gainerakoan… betiko martxan; txarra kenduta, ezin hobeto. Batetik, badakizue; eta, bestetik, zer esatea nahi duzue? 4 t´erdiko txapelketan Altuna III.a, Artola eta Peña II.a gogor ari dira, eta udazken zein neguan bapo betetzeko aukera izango duzue Tolosan, Aste Mikologikoa, Tolosa Goxua eta Esneki azokekin.