ARITZIA. Euskizofrenia III

Ez zenuen albistegietan ikusiko edo lerroburuetan irakurriko, baina, euskizofreniaren fase akuturik gorenean gaude. Hauteskunde kanpainak aurrera egin ahala, gaixotasuna gero eta hautagai gehiagori erasaten ari zaio.

Aldaera berriaren adierazle dira, besteak beste, berba-jario amaigabea eta neurrigabeko baikortasuna. Hauteskunde giroan ez da irtenbiderik gabeko arazorik, lagun! Haien esanetan, zure bozak edozer alda dezake; erabakia zeurea da, baina, errealitatera itzulita, nago biribilegiak direla azken asteko mezu asko eta asko, egia biribilak izan beharrean.

Norberaren segurtasuna nabarmen indartzen da, lumak harro eta lepoa tente ikusten dizkiegun bitartean, autokritikarako borondatea kamustu, eta lotsa sentitzeko gaitasuna guztiz inhibitzen du euskizofreniak. Era berean, ika-mikarako grinak sekulako gorakada izan ohi du mitinetan, hizkera oldarkorra eta jarrera erasokorra dira nagusi, Saul Canelo Alvarez boxeo izarraren pareko crochetak jaurti dituzte mikrofonoetatik eledunek, beti ere, ukabilak gehiegi urratu gabe. Tamalez, edozer bilakatu da arma politiko, garaipena eta garai penagarrien arteko aldea sekula baino txikiagoa baita kanpainan.

 

«Hala eta guztiz ere, boterearen kate trofikoan, zerbait katastrofikoa izatekotan, abstentzioa izango da bizkarroirik kaltegarriena, eserleku galera bera baino mingarriagoa; izan ere, boto eskaera zaratatsu bakoitzaren atzean zilegitasun erregua ezkutatzen da»



Hala eta guztiz ere, boterearen kate trofikoan, zerbait katastrofikoa izatekotan, abstentzioa izango da bizkarroirik kaltegarriena, eserleku galera bera baino mingarriagoa; izan ere, boto eskaera zaratatsu bakoitzaren atzean zilegitasun erregua ezkutatzen da. Askatasunaren eta demokraziaren festan, ordea, batek baino gehiagok nahiko luke gure garunak buztinezkoak izatea, eurek nahieran eraldatu ahal izateko.

Nik, irakurle, ez zaitut ezerekin limurtu nahi, izan zaitezke bizkarroi ala sinbiosiaren parte. Aritziak ez du zure asmoa argitu edo lausotzeko beharrik. Soilik hauxe gogoratzera etorri natzaizu: euskizofrenia egoeran konplize guztiak gara errudun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!