ARITZIA. Enperadoreen aitormena

Nork eta nola sortzen ditu mitoak? Zer da benetan kontatu nahi dutena? Historiako mito zabalduenetako batek esaten duenaren aurka, Neronek ez omen zuen Erroma erre. Enperadorea Erromatik 50 kilometrora omen zegoen gertakizunaren unean. Are, hiria itzaltzeko lanez arduratu ei zen.

Beste mito batek dio Aitormena heroinari eskainitako abestia dela, baina, egungo egoera ikusirik, badirudi Garik osasun sistema publiko jaioberriaren gainbehera aurreikusi zuela 1989an. Primizia gisa, Hertzainak taldearen hurrengo itzulerarako eta azken, azken, azken kontzertuan abesteko bertsio gaurkotua duzu hemen: Ez dira betiko garai onenak/ azken finean zergadun hutsak gara/ ekaitzaren ostean dator ekaitza/ lan-baldintza duinik ez guretzat. Denboran atzera etengabian/ ta orain ezin eutsi izan ginena/ gobernuen morroiak bihurtu gara/ maitia, lehen baino lehen aska gaitezan. Ez horregatik, Gari.

 

«Mitoak dio 'Aitormena' heroinari eskainitako abestia dela; baina, badirudi Garik osasun sistema publiko jaioberriaren gainbehera aurreikusi zuela 1989an»



Hego Euskal Herrian, osasungintzaren eltzea borborka dabilkigu. Azazkalak hazten diren gisan, ezarian-ezarian, Donostia ospitaleko protestek ezinegona sortu die zenbait agintariri. Nik, oraindik, ez dakit protestak etetea sua itzaltzeko borondateagatik ala eltzea lekuz aldatzearen ondorioz izan den. Dena den, Sagardui eta enparauei eman beharko diegu puxtarria, bi hilabetean elkarretaratzeak bertan behera utziko dituztela ikusita, eta udal hauteskundeak maiatzean izango direla jakinda. Egiazki, etengabeko murrizketek eta gobernuen erabaki apetatsuek eztandarazi dute sistema; eta Erromatar Inperioaren antzera, batzuen garaipenak besteen garai penagarriak ekar ditzake.

Ohartu gabe esklabo bilakatuta/ ohartu gabe heldu gara mugara/ mundua jausi zaigu gainera. Ez da gutxiagorako. Osasun langile askok bizi duten prekarietateak, egonkortasun ezak eta lan-kargak ez dute izenik. Donostiako Onkologikoko langileek, esaterako, 32 eguneko lanuztea egin dute zerbitzu publikoko homologazioa eskatzeko, eta, ondorioz, %24ko soldata igoera erdietsi dute.

Ez dakigu non dagoen hoberena/ bila dezagun beste lekuetan. Batzuek badakite, antza; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian %6,4 igo baitira osasun aseguru pribatuak. Nafarroan ere bikoiztu egin dira hamar urtean. Eta Nafarroa aipatuta… Eneee!!! Osasunbidean ere ez da giro. Lehenik, Nafarroako Sindikatu Mediko UPNzaleak greba mugagabeari ekin zion, tartean, hilean mila euroko soldata igoera eskatuta. Zalapartak zalaparta, otsail amaieran, Sindikatu Medikoak eta Osasun Departamentuak 400 euro igotzea adostu zuten. Otsoak otsoari laztan, eta match-pointa, beraz, Txibite eta Santos Indurainentzat. Hori nahikoa ez, eta martxoaren 18an manifestazioa egingo dute Osasunbideko intersindikalak deituta (CCOO, ELA, LAB, SAE eta UGT), eta greba iragarri dute hilaren 23rako; batetik, sistema publikoa desegiten eta pribatizatzen ari direla salatzeko, eta, bestetik, lehen arreta indartzea aldarrikatzeko. Bexamela eta pastela.

Dagoeneko mugikorrari begira ari bazara, hauexek dira Aritzitik atera beharreko ondorioak: Neronek erre zuen Erroma? Eeezzz. Gari zigarro gaixtoren bat erretakoa da? Baaaiii Baliteke. Osasun sare publikoaren aurriak jaso beharko ditugu? Bide horretarantz goaz. Amaitzeko, gaurko etxerako lan modura, itxi begiak, eta gosaldu eta lotara doanaren patxadan irudika itzazu gobernuburuak enperadorez mozorroturik, «Neronek Erroma erre ez bazuen, ez dut itzaliko neronek!», algaraka esanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!