ARITZIA. Kolohore

Zer litzateke mundua kolorerik gabe? Pentsa ezazu une batez: ez ostadarrik, ez zeru gorri, urdin edo grisik. Gure hitz egiteko era errotik aldatuko litzateke. Inor ez legoke kale gorrian, eta printze urdinik gabeko ipuinak kontatuko genituzke. Akaso, betaurreko moreak sortzeke leudeke.

Kolorerik ezean, banderak ere akabo. Ukrainako gerraren harira, badirudi horrelako zerbait pentsatu dutela hainbat hedabide eta erakundek. Duela pare bat aste lehiatu zen Liège-Bastogne-Liège klasikoa. Pelotoian Aleksandr Vlasov zebilen, Errusiaren inbasioa publikoki gaitzetsi duen txirrindularia. Kirol-proba ia guztietan ohikoa izaten da parte-hartzailearen izenaren alboan herrialdearen bandera agertzea, baina, oraingoan, bandera errusiarraren ordez zuria agertzen zen telebistako pantailan. Bitxia da, behinik behin, gerra hastea leporatzen dioten herrialdeari bakearen kolorea ipintzea.

Sarean arakatzen ibili ostean, ohartu naiz Procyclingstats-en, txirrindularitzan erreferentziazkoa den webgunean, ez dela Errusiako banderarik ageri, hor ere bandera zuriarekin ordezkatu dute Vlasoven aberria. Horrez gain, Munduko Txirrindularitza Elkargoak ** idatzi du errusiarraren nazionalitatea definitzeko. Giroa hastear izanik eta ikurrina posible ez bada, gustura asko ikusiko nituzke pantailan euskal txirrindulariak Vlasovi jarririko banderarekin.

Alabaina, afera ez da gurpil artean kateatzen, izan ere, Victoria Azarenka eta gainerako tenislari herrikideak umiliazio berbera jasaten ari dira. Madrilgo tenis txapelketan ez dago errusiarrak izendatzeko inongo ikur eta hizkirik. Badago, beraz, zarena ukatzea baino zigor ankerragorik? Kirola eta politika nahasi behar ez direla maiz entzuten den arren, kirola eta politika ezin dira bereizi. Bestela, zer da ereserkia entzutea eta entzunaraztea, ekintza politikorik gorenena ez bada?

 

«Badago, beraz, zarena ukatzea baino zigor ankerragorik? Kirola eta politika nahasi behar ez direla maiz entzuten den arren, kirola eta politika ezin dira bereizi»


Tamalez, Errusiarekin lotura duen oro laidotu eta orbandu beharra ez da kirolera soilik mugatzen. Municheko alkate sozialdemokratak bertako orkestra sinfonikoko zuzendaritzatik kargugabetu zuen Valery Gergiev zuzendaria, Putinzalea zela iritzita. Sinesgaitza dirudien arren, Milano-Bicocca unibertsitateak bertan behera utzi zituen Fiodor Dostoievskiren inguruko literatura jardunaldiak. Sekulako zentzugabekeria da 1904an zendutako idazlearen lana egungo egoerarekin alderatzea. Zer izango hurrengoa, liburutegi eta liburu-dendetatik Ana Kareninaren aleak deuseztatzea?

Irabazi aurretik galtzen ikasi behar omen da. Baina, gerran batak besteak baino gehiago galtzen badu, nork irakas lezake irabazten? Zibil umil andana dabil bizi ala hil. Etzanda edo zutik egonagatik, dagoeneko ohorea lurpean du batek baino gehiagok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!