ARITZIA. J'adore

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2021ko abe. 18a, 20:58

Abenduarekin batera, iritsi zaigu aurten ere Charlize Theron, bere J'adore amultsuaz Gabonak ate joka ditugula gogoraraztera. Kontsumoaren hilabetetzat defini genezake abendua, zalantza izpirik gabe; eta gurean, euskal kontsumoaren plazarik bada, hori Durango da.

Durangoko Azokaren antolatzaile eta sagardogileentzat aurtengoa iazkoa baino hobea izan ohi da beti, nahiz eta sortzaile batek baino gehiagok gordin deitoratu duen salmenten beheranzko joera. Musikari zein idazle askok begiz jota zuten DA!, euren lanak plazaratzeko agertokirik aproposena izango zelakoan, baina tamalez, hurrengo edizioari jarri beharko dizkiote aurreikuspen itxaropentsuagoak.

Egunotan, argindarraren eta itsaskien prezioek goia jotzen ikusi arren, ez dirudi hori denik gure hizkuntzaren joera. Ezagutza nabarmen igoagatik, erabileran atzerapausoak eman direla agerikoa da. Kontrara, euskaren aldeko ekimen kolektibotan jendea saldoka ikusi dugu azken urteetan. Nola uler liteke etenik gabeko inboluzio hori? Euskarari J'adore oihukatzen diogu ozen eta sutsuki, harro, baina orroak bide laburra egiten du, Codorniu-burbuilen antzera. Hortaz, Durangoko Azoka, Korrika edo Euskaraldia amaitu ostean zer? Badirudi norbanakoaren arduretatik at utzi dugula euskararen oraina eta etorkizuna, festa giroan hara eta hona noizean behin taldean mobilizatzearen truke.

Bestalde, ez nuke aipatu gabe utzi nahi astekari honetan bertan Irene Larrazari, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, eginiko elkarrizketak zekarren lerroburua: Gazteentzat euskarak 'cool'-a izan behar du, bestela ez dute erabiliko. Ene aritziz, euskara ez da apaingarriz josi behar genukeen produktu bat. Sarri, estetikari edukiari baino garrantzi handiagoa ematen zaiolakoan nago, askotan hizkuntzaren esentzia ahazteraino. Euskara ezin da marka edo produktu preziatua bailitzan saldu; baldar esanda, prestigiotsu egin nahia porcoolo hartzera bidaltzea merezi duen zentzugabekeria iruditzen zait. Euskarak komuneko papera bezalakoa izan behar luke, egunerokoa bezain ezinbestekoa. Ez dela erakargarria? Ados. Ez duela prestigiorik? Konforme, baina Prestigek ere hondoa ondo ezagututa amaitu zuen.

Charlizek edo marketin aditu batek kontra egin lekidake, baina zuk eta nik badakigu norbanakoaren kontsumo isilean datzala euskararen aldeko kanpainarik onena

Charlizek edo marketin aditu batek kontra egin lekidake, baina zuk eta nik badakigu norbanakoaren kontsumo isilean datzala euskararen aldeko kanpainarik onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!