Eguberrietan egindakoa kontatzeko agindu digu andereño Elixabetek, eta, bide batez, zuri idaztea bururatu zait. Ongi igaro dituzu Gabonak? Guk zorrotz bete ditugu zuk agindutako neurriak. Eguberri hauetan aitatxorekin, amatxorekin eta anaiarekin bakarrik jan dut.
Gabonetako oporrak hartu aurretik, Riyadhek esan zidan Olentzero eta Mari Domingi gurasoak zirela, ez direla benetakoak. Riyadhen etxera ez dira joaten, askotan gelan gaizki portatzen delako, baina nik uste dut inbidiagatik esaten zuela. Gure etxera Olentzero eta Mari Domingi etorri ziren. Baimen berezi bat emango zenien, ezta? Bestela, 00:30erako ezingo zituzten opari guztiak banatu. Niri atrila ekarri didate, txistuaren partiturak ipintzeko. Zuri eskatutakoa ekarri dizute? Anaiak esaten du urtero trena eskatzen diezula.
Erregeak ez dira gure etxera etortzen. Aitatxok esaten du erregeek guri ez digutela ezer ekarriko, horretarako, oso lagun-mina izan behar omen da. Datozen Eguberrietarako, aitatxorentzat zulo askodun gerriko bat eskatu nahi diet. Beti esaten du, opor luze-luzeetan dagoenetik, gerrikoa estutu behar dugula. Erosketak egitera joaten garen bakoitzean esaten dio amatxori. Amatxorentzat, badaezpada, ileorde bat eskatuko diet. Amatxori, ile-apaindegia itxi zuenetik, ilea erori zaio. Baina egun batean, Txinako emakumea agertu zen, zure gelakoa, eta harrezkero, jende asko joaten da ile-apaindegira. Orain ez du ileorderik behar, baina eskatu gabe ere ez dute ekarriko, ezta?
Niri atrila ekarri didate, txistuaren partiturak ipintzeko. Zuri eskatutakoa ekarri dizute? Anaiak esaten du urtero trena eskatzen diezula.
Dena den, nori idatzi behar nioke? Niri Baltasar gustatzen zait, baina, anaiak esaten dit opari gehien Juankar izenekoak egin ohi dituela, eta gainera, orain beraiekin batera bizi dela, han urruti, basamortuan. Datorren urterako Juankarri idazten badiot, nahi al duzu zuretzat trena eskatzea?
Gabonetan, Herniorako bidea ikasi nuen, eta libre zaudenean, joan gaitezke. Badakit mendira joatea asko gustatzen zaizula. Txistua eramango dut eta Lixue eta Riyadhi esango diet, gurekin etor daitezen. Zuk esaiezu txinatar emakumeari eta Santurtxiko soinujoleari, ados? Badakit zuen gelan asko zaretela, baina ezingo gara sei lagun baino gehiago elkartu.
Tira, besterik ez, Txistuleitor jauna, idatzi ahal duzunean. Zaindu eta hurren arte!
Udane