Kaixo, Txistuleitor jauna (IV)

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2020ko urriaren 24a

Zer moduz? Nire anaia Soinujolearen semea irakurtzen ari da. Eskolarako lan bat egin behar omen du. Baina liburu hori irakurtzea jada lan handi da; potolo-potoloa delako eta, gainera, ez du marrazkirik. Nik marrazkiak dituen liburuak bakarrik irakurtzen ditut. Orain Nire lagunen orkestra irakurtzen ari naiz. Eta, liburuan bezala, nik ere nire lagunen orkestra sortu nahi dut.

Aurreko astean, Riyadhentzat eskusoinua jotzeko lagun bat topatu nahian nenbilen, aurten ez dugulako musika-eskolarik edukiko. Atzo gauean, gizon bizardun bat agertu zen telebistan, eta aitatxok Santurtxiko soinujolea deitu zion, akordeoia jotzen duelako. Hala ere, euskaraz arraro daki, batzuetan hitzak jan egiten ditu edo ez ditu ongi ahoskatzen. Riyadhi ere gertatzen zaio zenbaitetan. Riyadhek lorategia esan nahi du; bazenekien, ezta? Nik ez nion ulertu zer esaten zuen Santurtxiko soinujoleak baina aitatxok esaten du «que vive del cuento». Nik, ordea, ez dakit zer ipuin den. Gurasoei kontatzeko eskatu nien, baina ez didate kontatu nahi. Txinako emakumea amatxoren ile-apaindegira joan zen, eta berari ere eskatu genion. Esan genion Lixuek eta biok ilea moztuko geniola, doan, baldin eta soinujolearen ipuina kontatzen bazigun; baina, ezer ez. Hortaz, kontatuko didazu zuk, mesedez?

Atzo gauean, gizon bizardun bat agertu zen telebistan, eta aitatxok 'Santurtxiko soinujolea' deitu zion, akordeoia jotzen duelako. Hala ere, Euskaraz arraro daki.


Amatxok esaten du beti garai bateko kontuez ari dela, aitona Angel bezala. «Marten bizi da oraindik!», esaten du amatxok. Horrela esaten dit: «Begira, Udane, maitia: Doraemon XXII. mendean bizi da, gu XXI.ean eta Santurtxiko soinujolea XX. mendean». Anaiak dio marjinatu bat dela, inork ez diola kasurik egiten, baina Santurtxiko soinujoleak behin eta berriz esaten du oso popularra dela, popularretan popularrena. Orduan, zer da: osa popularra edo oso marjinatua?

Telebistan zure gelan dagoela ikusi dut, eta axola zaizu berarekin hitz egitea, mesedez? Zuk eta nik txistua joko dugu; Lixuek biolina, Txinako emakumeak abestu egingo du, eta Santurtxiko soinujoleak eta Riyadhek akordeoia jo dezakete. Horrela, gure lagunen orkestra osatuko dugu! Ondo iruditzen zaizu, Txistuleitor jauna?

Idatzi, mesedez, soinujolearekin hitz egiten duzunean. Bitartean, asko entseatu!

Hurren arte!

Udane

Erlazionatuak

Kaixo, Txistuleitor jauna (III)

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2020 urr 17 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!