Kaixo, Robocop jauna (II)

Erabiltzailearen aurpegia

Aurreko batean, nire anaia komiki bat irakurtzen ari zen, Robocop vs Terminator, eta zutaz gogoratu nintzen. Orain dela gutxi, andereño Elixabetek esan zidan txistularia zarela. Niri Robocop izena ez zait gustatzen, eta, nahi baduzu, Txistuleitor deituko dizut; zer iruditzen zaizu?

Atzo ez, hiru aldiz atzo, telebistan agertu zinen. Ez dakit zer esan zenuen, baina aitatxo zurekin haserretu zen. Askotan esaten du «PNV edo HB, denak igualak!». Nik DBHkoak ezagutzen ditut, baina HBkoak ez. Nire eskolan, HH, LH eta DBHkoak daude. HBkoak DBHkoak baino handiagoak dira? Txinako andre bat agertzen denean ere horixe bera esaten du. Txinako emakume horrek, ilea arraro moztuta daramanak, hala ere, oso ongi daki euskaraz, nire gelako Lixue-k bezala. Lixue-k elurra esan nahi du, bazenekien? Lixue nire lagunik onena da. Zure lagunik onena gorriz janzten den emakume altua da, ezta? Laguna edo zerbait gehiago da, Txistuleitor jauna?

Niri Robocop izena ez zait gustatzen, eta, nahi baduzu, Txistuleitor deituko dizut; zer iruditzen zaizu?


Orain dela pare bat aste, egun batean ez nintzen eskolara joan. Ez dakit zergatik. Amatxok esan zidan irakasleak haserre zeudela txirula jotzen irakasten zuen gizonarekin. Irakasleak beste irakasleekin haserretzen al dira? Gure eskolan, inoiz ez.

A, eta esan diezaiokezu emakume txinatarrari nahi duenean nire amatxoren ile-apaindegira joan daitekeela? Itxita egon zen ile-apaindegia, eta orain amatxok bezeroak behar ditu, bestela, gero eta ile gehiago eroriko zaio. Tira, nik Txinakoa dela diot, baina, agian japoniarra da. Nik ez ditut txinatarrak eta japoniarrak bereizten. Zuk bai?

Patiora joan aurretik amaitu behar dut gutun hau, baina ez kezkatu, datorren astean idatziko dizut berriro.

Ondo izan, Txistuleitor jauna.

Agur!

Udane

Erlazionatuak

Kaixo, Robocop jauna

Erabiltzailearen aurpegia Anoeta

Udane naiz eta hirugarren mailan nago. Andereño Elixabetek esan digu gutun bat idatzi behar dugula, guk nahi dugun pertsonari. Andereñ...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!