Kaixo, Robocop jauna

Udane naiz eta hirugarren mailan nago. Andereño Elixabetek esan digu gutun bat idatzi behar dugula, guk nahi dugun pertsonari. Andereño Elixabetek esan dit zu Euskadiko zuzendaria zarela, eta den-dena dakizula. Nik ez dakit zein den zure izena, baina amatxok Robocop deitzen dizu, bere ustez, robotak bezala hitz egiten duzulako. Nik ez dakit robotek nola hitz egiten duten.

Azkenaldian, nire amatxo, aitatxo eta anaia tontakeria asko esaten ari dira, eta horregatik, idazten dizut. Esaterako, lehen, nire anaiak esaten zuen alarma egoeran geundela, baina nik ez nion sinesten, ez nuelako inoiz alarma entzuten. Nik ez dut alarma erabiltzen, egunero aitatxok esnatzen nauelako. Eta positiboak gauza txarra direla ere esaten dit anaiak. «Zenbat eta positibo gehiago, orduan eta okerrago, tuntuna!», dio. Positiboa bada, ona izango da, ezta, Robocop jauna?

Aitatxok esaten du gorriz janzten den emakume altu bat gustatzen zaizula, baina emakume altuari beste bat gustatzen omen zaio


Orain, nire aitatxok zorte handia du, zeren esaten du nik baino opor luzeagoak egingo dituela. Nire aitatxok torlojuak egiten ditu. Orain dio jendeak ez dituela torlojuak behar, bere nagusia ere oporretan dagoela, baina nire anaiak aitatxori esaten dio torloju bat falta zaiola. Guk torlojuak dauzkagu? Andereño Elixabetek irakatsi zigun hezur asko dauzkagula, ez torlojuak. Amona Felisak, ordea, telefonoz kontatu zidan belaunean torlojuak jarri zizkiotela. Amona Felisa beste amonekin bizi da etxe handi batean, baina ezin dira atera. Zuk badakizu zergatik?

Nire amatxok ile-apaindegian lan egiten du, baina ilea erortzen ari zaio. Lehen, emakume betaurrekodun bat ikusten genuen telebistan, zenbakiak irakurtzen zituena. Nire amatxok ikusten zuenero «A ze ilea, a ze tximak!» oihukatzen zuen. Nik uste dut amatxok inbidia diola. Baina, orain ez da telebistan agertzen. Zu berarekin haserretu zara? Oporretan dago, aitatxo bezala? Anaiak esaten du euskaraz ez zekiela, baina nik oso ondo irakurtzen ikusten nuen beti, DBHkoak bezala. Nire anaia DBHn dago. Nik uste dut anaiak inbidia diola, berak baino hobeto irakurtzen duelako. Zuk ere oso ondo irakurtzen dakizu, Robocop jauna.

Aitatxok esaten du gorriz janzten den emakume altu bat gustatzen zaizula, baina emakume altuari beste bat gustatzen omen zaio. Gizon beltzaran, guapo eta dotore bat; amatxok El Kluni español deitzen dio. Egia da hori? Niri Aiert gustatzen zait, gelako onena delako futbolean. Aiert ez da beltzarana, baina guapoa bai.

Ikusten duzu, Robocop jauna, azkenaldian, tontakeria asko entzuten ari naiz. Orain, patiora joan behar dugu. Andereño Elixabetek bidaliko dizu gutuna.

Agur!

Udane

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!