Irakasleon etengabeko formazioa (I)

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Larreta Bereziartua 2014ko martxoaren 23a

Irakasle naizen aldetik, gaurko honetan, nire lanbideari buruz idatzi nahi nuke eta, hain justu, irakasleon etengabeko formazioari buruz, dezente arduratzen nauen kontua baita.

Edozein lanbidetan da garrantzitsua etengabe formatzen (moldatzen) jarraitzea. Hori esan beharrik ere ez da. Baina, nire ustez, pertsonekin (lankideak, ikasleak, gurasoak...) lan egiten dugun profesionalontzat are garrantzitsuagoa bihurtzen da. Zer formazio motaz ari naiz, baina?

Irakasleon etengabeko formazioan alderdi asko sar genitzake: formazio metodologikoa (nola irakatsi?), formazio diziplinarra (zer irakatsi?)... Nik, ordea, bestelako formazio bati egin nahi nioke lekua: formazio pertsonalari, alegia, irakasleon emozio eta sentimenduei lekua egiten dien formazioari. Izan ere, egunetik egunera konbentzituago nago, hori dela irakasleon formazioan (hasierakoan eta etengabekoan) lekurik gehien egin behar geniokeen alderdia.

Irakasleon lana harremanetan oinarritzen den lana da. Harreman-sare askotan parte hartzen dugu egunean zehar: ikasle-irakasle, irakasle-guraso, irakasle-irakasle, irakasle-zuzendaritza... Eta gustatu ala ez, harreman-sare horietan guztietan mugimendu asko gertatzen dira partaide diren guztien baitan eta, beraz, baita irakasleon baitan ere. Esan nahi dudana da, mugimendu horiek irakasleon emozio eta sentimenduetan eragiten dutela: Zer gertatzen zaigu gurasoek gustatzen ez zaigun kritikaren bat egiten digutenean? Zer gertatzen zaigu lankide batek purrustaren bat botatzen digunean? Zer gertatzen zaigu zuzendaritzak gustuko ez dugun erabakiren bat hartzen duenean? Zer gertatzen zaigu ikasleren batek gure autoritatea zalantzan jartzen duenean?...

Ikusten duzuenenez, gauza asko «gertatzen» zaizkigu irakasleoi. Beno, niri bai behintzat! Ba, zer esatea nahi duzue? Irakasleoi gertatzen zaizkigun mugimendu emozional horietan guztietan sakontzeko gogoz gelditu naizela, horixe! Beraz, gogoko baduzue, hurrengoan emango diogu jarraipena gai honi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!