Berez, euskara eta hezkuntza gaiei buruz idazteko «fitxatu» ninduten Atariako lagunek, baina gaurkoan, inori inolako baimenik-eta eskatu gabe, maitasunaz eta presoez arituko naiz, edota hobeto esanda, maite ditugun presoez.
Goian esan bezala, gaur, urtarrilak 9, Espainiako poliziak gure lehengusu Irati atxilotu du. Segiko kide izatea egotzita, 26/11 sumarioan auzipetuta dago Irati, baina beste hiru kiderekin batera desobedientzia zibilaren bidea hartu eta ez zen agertu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketara, eta ezkutuan zegoen. Aramaion atxilotu dute.
Tristea da oso esatea, baina, ni behinik behin, atxiloketak ez nau ezustean harrapatu, ez nau batere harritu, espero izatekoa zen. Gainera, azken egunotan ikusi ditugunak ikusita... Emozio eta sentimendu asko dabiltza nire baitan jira eta buelta: amorrazioa, tristura, etsipena, inpotentzia, ezinegona... Baina horien familia berekoa ez den beste sentimendu bati egin nahi nioke lekua: maitasunari.
Ez dakit hemendik iritsiko zaien, baina baldintzarik gabeko maitasuna helarazi nahi nieke, lehenik eta behin, Iratiri berari eta osaba Juan Mariri, biak ala biak atxilo. Eta, nola ez, baita aita-alabek bezainbat maitasun indar beharko duten Jokin, Ekain eta Lurdesi ere. Animo denoi!!! Eta, une latzotan, gogoan izan, gure zuenganako maitasuna ez dagoela eta ez dela inoiz preso egongo!!! Nahi/behar duzuenerako, badakizue non gauden. MAITE ZAITUZTEGU!!!