txEPELtzen hasi ote naiz, ba?

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Larreta Bereziartua 2013ko abenduaren 13a

Beldur naiz txepeltzen ez ote naizen hasi! Edota, epeltzen! Izan ere, euskararen baitako diskurtsoa asko moderatzen ari naizela konturatu naiz. Beldurrak alde batera utzita, esplika ditzadan, fundamentuz, txepeltze edo epeltze horren nondik norakoak.

Orain dela gutxi arte, niri horrelakoak entzutea ez zen batere arraroa izango: «Euskal Herri osoan zehar denok hitz egin behar dugu euskaraz, denok bizi behar dugu euskaraz?». Bada, nire ametsa hori izanik ere, ez dut uste diskurtso hori, estrategikoki, oso egokia denik. Esan nahi dudana da, ez zaidala diskurtso hori batere eraginkorra iruditzen euskara ulertu ere egiten ez duten eta ulertu ere egin nahi ez duten horiengana gerturatzeko.

Euskararen antipodetan dauden horiekin irabaztera jokatu behar da. Alegia, guztiok euskara erabili behar dugula dioen diskurtsoarekin baldin bagoaz, ez dugu askorik lortuko; kontrako jarrera, seguruenera. Aldiz, euskaraz bizi nahi dugunok horretarako aukera izan behar genukeela aldarrikatuz bagoaz, zer esan behar digute? Ezetz? Ezezkoa emango luketen batzuk ezagutzen baditugu ere, gaur egun, «demokrazia» garaiotan, ez da politikoki oso zuzena euskaraz bizi nahi duenari, eskubide hori ukatzea. Zer egin behar digute? Frankismo garaian bezala, euskaraz bizitzea ukatu?

Demagun, aitortzen digutela euskaraz bizitzeko dugun eskubidea. Bada, behin kontsentsu hori lortuta, zera gaineratu beharko genuke: baldin eta eskubide hori gauzatuko bada, euskal herritar orok izan behar duela euskara ulertzeko gai, bestela, ez zaigulako euskaraz bizitzeko dugun eskubidea errespetatuko.

Beraz, eta EPEL bada ere, joka dezagun estrategikoki, joka dezagun irabaztera!!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!