'Hotzikararen kronikak: Tortura Amasa-Villabona 1960-2011' lana aurkeztuko du Aritzak

Erabiltzailearen aurpegia Aritza Kultur Elkartea 2016ko ekainaren 8a

Lan honek torturaren kronika ilunari argia jartzea du helburu. Aurkezpen ekitaldia, ekainaren 14ean, asteartea, 19:30tik aurrera izango da Subijana etxean.

Torturaren biktima izan diren herritar guztiei eskainiko diegu lan hau. Haien mina euren bakardadean eraman behar izan dutenei. Min horiek arintzeko asmoz eginda da lan hau, eta noski, salaketa ere bada. Memoria osoa eta bateratzailea izan dadin, hau ere kontatu egin behar baita.

Gonbidatuen artean, liburuko protagonistak izango ditugu, euren biziplenak lehen pertsonan kontatuko dizkigute, denen argitan haien sufrikarioaren neurria agerian jarriz. Modu berean, gurekin izango ditugu Mikel Egibar eta Lorea Bilbao, tortura kasuak Europako epaitegietan defendatzen ari dena. Berriki, Suitzan egon dira biak torturaren errealitatea eta Nekane Txapartegiren kasua Europan azaltzen.

Lander Etxeberria herritarra ere izango da gure artean, tortura jasan duen azken billabonatarra da bera. Eta nola ez, Joxe Arregiren lekukotza izango dugu. Bere gorputz ubelduak herri honen historia politikoaren kronikarik ilunena gordetzen du. Nekez ahaztuko ditugu irudi haiek.

Guretzat atsegin handia litzateke zu gurekin izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!