Ezker tradizio oso nabarmena zuen familia batean sortu zen Benito, oso aurrerakoia, ikuspegi oso zabala zuen eta ezkerreko balore oso sakonak. Asko irakurtzen zuen.
Intelektualki formazio zabalekoa, emozionalki oso sendoa eta bere ideiekin kontsekuentea izan zen. Noblea eta leiala, ezagutu zutenen hitzetan. Elkartasunaren benetako balioak bere egunerokoan praktikan jartzen zekiena.
Garbi zeukan, inoiz ez zuela ahaztuko pasatakoa. Barkatu, agian baietz zioen.
Izquierda Republicana (IR) alderdiko kidea
Izquierda Republicana alderdiko militantea izan zen; gero Frente Popularreko kidea. Villabonan alderdi horrek zuen Bilgunean ere ardura desberdinak izan zituen. 1931 eta 1933 urteetan egin ziren hauteskundeetan, alderdi horren ordezkari gisara, ikuskatzaile lanak egin zituen. Irabazi egin zituzten gainera. Epe horretan lehen aldikoz emakumeek boto eskubidea izan zuten.
Langile Kooperatiba
Bere militantzia ez zen soilik esparru politikora mugatu. 1931 urtean sortu zuen beste errepublikazale batzuekin batera Langile Kooperatiba. Honela, Benitok beste hainbat herritarrekin batera, langile klaseari eta eguneroko otordua egiteko ere zailtasunak zituzten herritarrei laguntzeko kooperatiba kudeatu zuen. Kooperatiban mota guztietako produktuak eros zitezkeen eta askoz ere prezio merkeagoan.
Ihesaldia eta erresistentzia
Benitok, 1936 urtean ihes egin zuen eta 1941 urtean baldintzapeneko askatasuna aplikatuta itzuli zen herrira, guztira bost urtez ibili zen han eta hemen. Askatasun osoa, ordea, 1944 urtean berreskuratu zuen.
Berasaluzetarrak, Kale Berrian (egun Itzalpe tabernaren goian) bizi ziren. Erdia medikuaren etxea zen (Benitoren senideek bizilekuaren truk medikuari harrera zerbitzuak eskaintzen zizkien) eta beste erdia familiaren etxea.
Benitok, ihes egin aurretik ere Villabonan bertan, Francoren gudarosteen etorrera zela eta beste hainbat herritarrekin batera erresistentzia prestatzen jardun zuen. Honela, garai hartako kontakizunaren arabera, Fraisoron (Zizurkilen) kanoiak ezarri ziren Belabietara begira (jakina da Francoren gizonak paraje horretatik sartu zirela).
Ihes egin eta berehala Eibarko Kalamua mendian borroka egin zuen. Peña Angulon milizia trebatzailea izan zen, ondoren Cinturon de Hierro de Bilbao bezala ezagutuan parte hartu zuen, harik eta Bilbo erori arte. Herritar zibil denak atera zituzten arte erresistentzia egin zuten. Benitok laguntzailea ere izan zuen bere zereginak burutzeko; laguntzaile hori ere billabonatarra zen, Leocadio Clemente; gero Santoñan atxilotua izan zen.
Handik, Santanderrera joan zen eta berak aurrera egitea erabaki zuen. Asturias arte mendi portu guztiak gaindituz. 1937 urteko urriaren 23an, Iparraldeko Frontearen erorketa medio, atxilotua izan zen Moredan (Asturias).
Villabonan Francoren aldekoek ez zuten onartu nahi Benitok borrokan jarraitzeko hartu zuen erabaki irmoa eta etengabe gertakizun hori ezkutatzen saiatu ziren. Villabonan Falangea ordezkatzen zuen garai hartan alkateak, hark ez zuen inoiz aitortu nahi izan Benitok Santanderretik ere aurrera egitea erabaki zuela.
Meatzari eta langile klase oro oso kolpatua zegoen lurralde horietan. Carlos Marx bezala ezagutua izan zen Benitok parte hartu zuen borroka batailoietako batek, 34. zenbakia zuen eta garaiko Euskal Gobernuaren aitortza izan zuen.
Benito, kartzelan
Moreda (Asturias), Villamanin (Leon), Valencia de Don Juan (Leon), San Marcoseko Penala (Leon), Burgoseko Modelo espetxea, Valdenoceda (Burgos), Tabacalera Bilbon, Larrinaga (Bilbo) eta azkenik Ondarretakoa (Donostia). Osotara 9 espetxetan egon zen preso Benito, kasu guztietan baldintza oso gogorretan.
Heriotza zigorra (3503 zenbakia Gerra Kontseiluan)
Benitoren militantzia zela eta bere aurkako akusazioak Villabonan bertan eraiki zituzten frankistek. Heriotza zigorra izan zuen, hasiera batean akusazio asko bazituen ere, gerora, eta testigantza desberdinetan oinarrituta (testigantza horiek ere Villabonan eginak ziren), apur bat biguntzen hasi ziren. Batez ere Ondarretako espetxean zenean.
Senideen sufrikarioa Villabonan
Aita frontean borrokan ari zen bitartean, bere senideek Villabonan bizimodua nola hala aurrera ateratzeko ahalegina egin behar izan zuten. «Tristura eta gosea» aipatzen dute haren senideek.
Gosea saihesteko, Gizarte Sorospen zentrora joaten zen bere alaba Maritxu (erreketek eta falangistek kudeatzen zuten zentro hori), garai batean Batzokia zena (abertzaleei kendu zieten arte). Maritxuk adinagatik aukera zuen bertan jakiak lortzeko. Bere anaia Javierrek (Benitoren beste semea) ez, ordea.
Askatasuna lortu ondoren zailtasunak
Baldintzapeko askatasuna aplikatta aske utzi zuten 1941 urtean. Egurrezko maleta batean bere ondasun urriak eskuan zituela etorri zen. Bere borrokaldian erabili zuen manta, hiztegi txiki bat eta tailatutako kutxa bat ekarri zuen berekin. Astero, Andoaingo koartelera joateko obligazioa ezarri zioten, sinatzera.
Askatasuna berreskuratuta, lanean hasteko asmo sendoa zuen Benitok. Hasieran, Portu paper fabrikan saiatu zen (bere aurreko lan lekua zena), baina ez zuten hartu; gero, ordea, berriro onartua izan zen, hori bai, maila baxuagoko postu batean.
1944an, askatasun osoa berreskuratu zuenean -egoera zaila izaki-, kanpora joatea erabaki zuen, lanera.
Benito Berasaluze milizianoen instruktore izan zen hasiera batean. Tenientea izatera iritsi zen. Azken txanpan, Carlos Marx batailoiko kapitain egin zuten. Ardura handiak bete zituen, honenbestez.
Izan zirelako, gara.