Nire ingurura begiratu eta pentsatu nuen: «Zein festa polita….! Hau herri gehiagotan egin beharko lukete». Eta jakin badakit egiten dela, baina ez nuen orain arte gertutik bizitzerik izan. «Asteasu beti izan da herri berezi bat» esan zidan Villabonatik bertara oinez joandako emakume batek. Eta halaxe da, ez ditu 1.500 biztanle baino gehiago izango, eta arrazoi eta jatorri desberdineko bizilagunak bildu zituzten kultura eta gastronomiaren bitartez.
Kolonbia, Ekuador, Bolivia, Mexiko, Honduras, Peru,… Latinoamerikako asteasuarren jaioterriak dira, baina hemen bizi dira, eta gure artean bizi nahi dute. Baziren Portugal, Maroko, Italia eta Alaskatik etorritakoak ere, guztiak mahai baten atzean euren janaririk goxoenak aurkezten, guztion gozamenerako. Bertaratukoek mahaiez mahai herrialdeetan zehar bidaiatzeko aukera izan zuten, eta askok harridura aurpegia ere jartzen zuten mokadu bat ahora sartzen zuten bakoitzeko. Portugalgo postuan zegoen familiak adibidez, tradizio handiko bakailao pastelak nola egiten dituzten azaltzen zuen. Etxeko amonak erdi portugaldarrez kontatu zidan duela 41 urte iritsi zela Asteasura, bertan eman duela bizitza guztia, eta bertan bizi direla bere seme-alabak eta ilobak. Hiru belaunaldi gutxienez; nabari da herriko hazkundean.
Jendea pixkanaka etxeratzen joan zen, eta guztia jaso bitartean parte hartzaile gehiagorekin hitz egiteko aprobetxatu nuen. Pozik zeuden udalari esker horrelako ekitaldi bat antolatu izanagatik, (hirugarren edizioa da Asteasukoa) eta beti jende asko biltzen da festa honen inguruan, baina euren pena ere azaldu zidaten.
Askok urteak daramatzate herrian bizitzen baina oraindik ez omen dute bertan jaio eta hezi diren euskaldun bizilagunekin erabat erlazionatzeko modua aurkitu. Eta buruarekin ulertzen niela adierazi nien. Ez dakit nork zabaldu zuen euskaldunak oso anfitrioi onak eta oso jatorrak garen ideia hori. Kanpoan pasa ditudan urte guzti horien ondorio izan daiteke, baina geroz eta gehiago ulertzen dut Euskal Herrian kultura eta hizkuntza mantentzearen arrazoietako bat: euskaldun gehienen jarrera eta izaera itxia.
Ez zait gustatzen kanpotik datorrenari goitik begiratzeko modu hori, gutxiestekoa, bideak ixtekoa. Bere herria uzten duenak ez du kapritxoz uzten, kasu gehienetan etorkizun hobe baten bila dator eta guk ezin dizkiegu gauzak zaildu. Guri ere ez zaigu gustatzen beraien herrietara bizitza berri bat eraikitzera joaten garenean gaizki tratatzea, eta ez sinistu hortik esaten den guztia, milaka euroko diru laguntzak jasotzen dituztela etab, mesedez. Gizarte inklusibo baten alde, guztiok jarri behar dugu gure partetik, beraiek eta guk.