Goizeko seietatik, arratsaldeko seiak edo sei eta erdiak arte, eta ez da ordurik aldatzen. Klima tropikala izanik, ez dago urtarorik, eta hori izaten zen faltan botatzen nuen gauzetako bat. Aldaketa beharrezkoa da.
Udaberria: negua amaitu dela iragartzen duen aroa. Udaberria: loreak irekitzen eta guztia koloreztatzen duten garaia. Egia da negu bero xamarra izan dugula, orokorrean eguraldi ona egin duela, hotz egun batzuk kenduta, ezin gara kexatu, baina negua iragana da. Konnotazio nostalgiko eta triste bat ere badu ezta? Agian, Gabonak direla eta, familian falta direnak gogoratzen direlako modu goxoan baina hutsune hori sentituz.
Udaberriarekin, loreak ez ezik, energia berriztatua sentitzen da inguruan. Jendea alaiago dago, eta dena modu positiboagoan ikusten du, badirudi iluntasuna eta hotza atzean uzten ditugula, «Bizitza honetan dena da posible» esango bagenu bezala. Zerbait gaizki atera bada, lasai, ez larritu, mundua ez da hemen amaitzen, eta bihar ere argituko du.
Udaberria gustatzen zait, paseatzera atera eta mendiak duen kolorea, eta soinua. Ordu aldaketarekin aurreneko egunetan jendea trastornatu xamar ibiltzen den arren, esango nuke orokorrean ia denoi gustatzen zaigula ordubete gehiago arratsaldean argi gehiago izatea, eguna luzatzen doala ikustea, giro ona, jendea kalean, tabernetako terrazak beteta... Udaberria: Udara gertu dagoela iragartzen duena.
Gizakiak badu berez, defentsa mekanismo bat modu naturalean esperientzia edo oroitzapen txarrak ahazteko. Behar dugu gauzak atzean utzi eta birsortzeko ariketa hori. Berriz saiatzeko indarra. Ilusio-proiektu berriak besarkatzea. Geure bizitzetan musika, usain, zapore desberdinei eta haize berriei leiho guztiak irekitzea. Udaberrian, energia horrek bultzatu egiten gaitu geure buruari erronka berriak jartzera, amestera, inoiz bisitatu gabeko herrialdeetara bidaiatzeko planak egitera… (burutu ala ez beste kontu bat da). Horregatik bizirauten dugu. Gai garelako min egiten diguna atzean uzteko eta berriz jaiotzeko.