Badakigu Euskal Herrian orokorrean oso onartuta eta sozialki ondo ikusita dagoela alkohola edatea, eta ohikoa da poteoan edo gabe, goizez edo arratsaldez taberna batera sartzean, zurito/kaña/ardo bat eskatzea. Normaltzat hartzen da gure kulturan, horrek gerora gure osasunean izan ditzakeen ondorioetan pentsatzen jarri gabe.
Niri freskagarriak edo zurito/kaña/ardotxoak noizbehinka sartzen zaizkit, aldian behin, ez beti, baina pasa den astean Donostiako merkatalgune batean erosketa batzuk egin ondoren, taberna batera sartu eta tentazioei aurre egin eta hartutako konpromisoarekin irmo mantentzea erabaki nuen. Osasun bakarra daukagu eta zaindu egin behar da.
Laranja zuku bat eta muztio/mosto bat eskatu genituen, 3,75 euro bi laranja epeleko zukua, eta 2,75 izotzez beteriko muztio bat. Bai, badakit Kolonbian bizitu naizela urte askotan, eta hemen beste prezio batzuk daudela; badakigu bizitza soziala Euskal Herrian garestia dela, baina jaun-andreok, eta batez ere tabernariak! Osasuntsu bizitzeak ezin du hain garestia izan. Ia prezio berdinagatik Gintonik bat eskatu nezakeen…
Nire galdera da: Nola mantendu behar ditugu gure gazteak alkohola edota coca-cola bat edatetik urruti, merkeago ateratzen bazaie, eta gainera askoz modernoagoa bada zurito edo kaña bat eskatzea botila bat ur eskatzea baino? Instituzioek zergatik ez dute honetan eskua sartzen? Eta tabernariek zergatik ez dute euren negozioa beste era batera moldatzen eta alkohola edaten ez duen jendea erakartzen? Euskal Herritik kanpo herrialde askotan fruta desberdinen zukuak edatea oso normala da adibidez, eta hemen, alderantziz, ez da ohikoa, eta askotan arraroa da. Hemen, nahiko mugatua da gure aukera, dena den, iruditzen zait betiko kafea alde batera utzi gabe, azkenaldian nahiko modan jarri dela teak edo infusioak edatea; zapore, kolore, eta landare eta belar mota guztietakoak, eta pozgarria da.
Pentsatzen jarri naiz, duela urte batzuk imajina ezina zen tabernetan, lantokian edo garraio publikoetan tabakoa ez erretzea, izango al da noizbait alkoholik gabeko taberna edo kafetegirik?